Edukira joan

Kuratela

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kuradoretza edo kuratela pertsona fisiko baten babeserako figura juridikoa da, adibidez babesa behar duen adingabe bati edo bere buruaren guztiz jabe ez den pertsona nagusi bati aplikatzen ziaona. Babesten den pertsona kuradoretzapekoa da.

Babes-erakunde juridiko horrek berezitasun bat du besteekin alderatuz: mugatua da, ez baitu kuradoretzapekoa ordezkatzen, adibidez tutoretzan gertatzen den bezala; kuradoreari kuradoretzapeak proposatutako ondare mailako negozioak ikuskatzea besterik ez dagokio. Hortaz, kuradoreak ez du kuradoretzapekoa zaintzen, ez eta bere ondarea kudeatzen: aldiz, zenbait negozio garrantzitsutan laguntza ematera mugatzen da.

Kode Zibileko 286. eta 287. artikuluen arabera, kuradoretzapean egon daitezkeenak honako hauek dira:

- Emantzipatutakoak, bere gurasoak falta direnean.

- Adin-habilitatua.

- Ezgaitua, epaile batek horrela agintzen duenean.

- Zarrastela.

Kode Zibilak ez du esaten nor izan daitekeen kuradorea; horren ordez, tutore izendatzeko betekizunei eta ezintasunei kasu egiteko agintzen du 291. artikuluan. Zehazten duen kasu bakarra da, aurretik tutore kargua izan duenak beteko duela kuradore kargua ere (Kode Zibileko 292. art.).

Kuradoretza karguaren zeregina aldakorra da:

1- Zenbaitetan emantzipatuaren eta adin-habilitatuen gaitasuna osatzen du, haiei bere kabuz egiterik ez duten laguntza emanaz (Kode Zibileko 323. art.).

2- Beste batzuetan, ezgaitze epaiak zehazten dituen negozioetarako laguntza eskaintzen du.

3- Azkenik, zarrastel deklarazioa egiten duen epaiak zehazten dituen negozioetan parte hartu behar du.

Kuradorearen laguntzarik gabe egindako negozio horiek deuseztagarriak izango dira Kode Zibilaren 1.301 artikuluari jarraiki.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]