L. L. Zamenhof
Ludwik Lejzer Zamenhof (polonieraz: Ludwik Łazarz Zamenhof), ezizenez Doktoro Esperanto (Bialystok, Errusiar Inperioa —gaur egun, Polonia— 1859ko abenduaren 15agreg./abenduaren 3ajul. - Varsovia, Polonia, 1917ko apirilaren 14agreg./apirilaren 1ajul.) hizkuntzalaria eta okulista izan zen. 1873an, nazioarterako hizkuntza bat asmatu zuen. Bere asmoa mundu guztiak bigarren hizkuntza gisa ikasi ahal izatea zen, horrela ama-hizkuntza desberdineko jendeak elkar uler zezan. Hasieran, adiskide artean erabili zuen, baina 1887an, Doktoro Esperanto ezizenarekin zabaldu eta azaldu zuen. Hortik datorkio berak asmatutako hizkuntzari «esperanto» izena. Hainbat itzulpen egin zituen hizkuntza horretara.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Białystok hirian jaio eta hezi zen, errusieraz mintzo zen judu familia batean: hirian, hainbat hizkuntza hitz egiten zirenez, kultura ezberdinetakoak elkar ulertzea zaila zen. Arazoa konpontzeko, esperantoa garatzen hasi zen, urteetan zehar luzatu zen lana.
1878an, Zamenhofek bere proiektua bukatu zuen eta Lingwe Uniwersala izena eman zion. Garai hartan, Zamenhof unibertsitatera joan zen okulista ikasketak egitera, eta bere aitari eman zizkion bere idatziak, gorde zitzan. Aitak ez zituen semearen ideiak ulertu, eta Ojrana-rekin (polizia Tsaristarekin) arazoak izateko beldurrez, eskuizkribua erre zuen. 1881-ean unibertsitatetik bueltatzean, Zamenhof-ek berriro ekin zion bere proiektuari. 1879an volapük hizkuntza agertu zen, beste nazioarteko hizkuntza proiektu bat, baina Zamenhofek, ikasi eta baztertu ondoren, bere asmoekin segitu zuen. Azkenean, 1887an, Lingvo internacia. Antaŭparolo kaj plena lernolibro ("Nazioarteko hizkuntza. Hitzaurrea eta testu liburua") argitaratzen du, hizkuntza berriaren oinarriekin, hizkuntzari izena emango zion Doktoro Esperanto izengoitiarekin.
Bere "nazioarteko hizkuntza" proiektua adituen kritikei ireki zien, haien ekarpenez hobetuko zuelako hitz emanda. Hurrengo urteetan hainbat liburu, itzulpen eta liburuxka argitaratu zituenez, 1889rako ia dirurik gabe geratu zen. Mugimendu esperantistaren buru izan zen, 1905 arte: urte hartan, hizkuntzaren sustapena haren lehen jarraitzaileen esku geratu zen.
1905eko Lehen Esperanto Mundu Biltzarrean (Boulogne-sur-Mer, Frantzia) Zamenhofek Esperantoaren Oinarria aurkeztu zuen, hizkuntzaren deskripzio ofizial gisa onartu zena eta haren oinarrizko arautegitzat jotzen dena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: L. L. Zamenhof |