Laborategiko sagu
Laborategiko sagua karraskaria da, Mus musculus espeziekoa, eta ikerketa zientifikorako erabiltzen da. Kariotipoa berrogei kromosomaz[1] osatuta dago eta albinoak izan ohi dira.
Ikerketa zientifikoetan gehien erabiltzen den eredu biologiko eta biomedikoa laborategiko sagua da. Izan ere, zientzian aurrerapen handiak egitea ezinezkoa izango zen izaki horiek gabe. Hurrengo ezaugarriengatik da hain erabilia arlo horietan:
- Erabilera erraza.
- Hazkuntza eta manipulaziorako tamaina egokia.
- Ez dute zaintza handirik behar.
- Gizakien antzeko immunitate-sistema dute.
- Kume kopuru handia dute.
- Haurdunaldi laburra dute (19-21 egun), eta azkar uzten diote tititik elikatzeari.
- Emeek obulu asko sortzen dituzte, eta ernaltzen direnean oso erresistenteak dira.
- Ugaztun euterioak direnez, gizakien antzeko genoma dute.
Gaur egun, genetikoki manipulatu diren saguak erabiltzen dira. Sagu transgenikoak eta knock-out ereduak dira bereziki erabilgarriak arazo biologiko konplexuak aztertzeko, gene edo proteina jakin baten ekintza azter baitaiteke.
Testuinguru genetiko eta ebolutiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiek eta laborategiko saguek (biak ugaztun euterioak) azken arbaso komuna partekatu zuten duela hirurogei milioi urte gutxi gorabehera. Ugaztunen genoma nahiko kontserbatua dago. Gizakiek izaki bizidun guztiekin arbaso komunak badituzte ere, gizakiak eta saguak ugaztun euterioak direnez, azken horiek gene gehiago partekatzen dituzte gainontzeko bizidunekin baino.
Saguek hogei kromosoma-paretan taldekatutako genoma dute, eta gizakiek, berriz, hogeita hirutan. Era berean, gizakien genoma eta laborategiko saguena oso antzekoa da; gizakiaren genomak bi mila bederatziehun milioi base pare ditu, eta saguarenak bi mila eta seiehun milioi inguru.
Egia esan, mapatze genetikoak agerian utzi du gizakietan kromosoma berean dauden gene batzuk kromosoma desberdinetan daudela saguetan. Adibidez, gizakien 12. kromosoman multzokatuta daude GADP, TPI, LDHB, KRAS2, INT1, GL1 eta LALB geneak; saguan, berriz, gene horiek 6., 15., 10. eta 4. kromosometan daude banatuta. Gene horiek kromosoma berean daude katuetan (B4 kromosoma) eta behietan (5. kromosoma). Horrek adierazten du saguen arbasoak lehenago diferentziatu zirela gizakien leinutik artiodaktiloak (behiaren taldea) eta haragijaleak (katuaren taldea) baino. Hala eta guztiz ere, gizakiaren 7. kromosomak Mus musculus-en zazpi kromosomatan homologiak ditu, eta saguaren 11. kromosomak gutxienez sei homologia giza kromosomatan.[2]
Bi espezieen arteko antzekotasun genetikoei esker, geneak ia zuzenean konpara daitezke, eta gizakietan gene berberak aurkitzeko aukera ematen die zientzialariei. Horrela, giza gaixotasunen ibilbideak eta mekanismoak deskodetu daitezke, saguek ere garatu baititzakete. Adibidez, obesitatearekin erlazionatua dagoen Mahogany sagu-mutazioa Attractrin giza-genearen antzekoa da. Horrek glikoproteina bat egiteko informazioa gordetzen du, eta gizakien obesitatearekin erlazionatzen da.
Giza gaixotasun ugari ere eragin daitezke saguetan, ingeniaritza genetikoko tekniken bidez geneak manipulatuz. Horrela bakarrik egin daitezke ikerketa fidagarriagoak. Izan ere, gizakiekin egindakoak arau bioetikoetatik kanpo daude.
Genetikoki eraldatutako saguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sagu transgenikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sagu transgenikoek haien genomatik kanpoko DNA zatiak daramatzate. Horiek lortzeko, DNA plasmido bat eraiki behar da (plasmido bat kromosomaz kanpoko elementu genetikoa da, eta haren DNA-katea zirkularra da). Ondoren, ADN-birkonbinazio, mikromanipulazio eta transfekzio teknikak erabiliz, gene berria itu-zelularen genoman zoriz txertatzen da. Gene erantsiari transgene deritzo, eta genea daraman animaliari animalia transgeniko. Sagu transgenikoak gene baten edo horren zati baten adierazpen genikoaren mekanismoak ezagutzeko erabiltzen dira.
Knock-out saguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Knock-out (KO) sagua genetikoki eraldatutako organismoa da. Gene jakin baten adierazpenik ez dauka. KO saguak eredu dira gene zehatz batek organismo baten biokimikan eta fisiologian duen eragina aztertzeko. Knock-out saguak oso erabilgarriak dira minbizia eta bestelako gaixotasun konplexuak aztertzeko.
Knock-in saguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Knock-in sagua genetikoki eraldatutako organismoa da ere. Knock-out saguekin duen desberdintasun bakarra da, gene bat desgaitu beharrean, mutazio bat duen beste batez ordezkatzen dela. Kasu batzuetan, promotorea gehitzen da, aldatutako genea etengabe adierazteko.
Saguen erabileraren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Duela 75 milioi urte eta 125 milioi urte artean, Eomaia scansoria bizi izan zen, Eutheria leinuko ezagutzen den lehen kidea, ugaztun plazentarioen aurrekoa (gizakia eta sagua talde horretakoak dira).
- Duela 60 milioi urte, gizakien eta saguen arteko azken arbaso komuna bizi izan zen.
- Duela 7 milioi urte, Pliozenoan, Muridae familiako lehen kideak agertzen dira Europan.[3]
- Duela 10.000 urte agertzen dira erregistro fosilean Mus musculus espeziearen lehen hondarrak. Gizakiaren eta saguaren arteko elkarbizitza garai hartakoa da, batez ere, nekazaritzaren asmakuntzagatik.
- 1617. urtean, Girolamo Fabrizi d'Acquapendentek enbriologia zientifikoa sortu zuen, De formato foeti lanarekin. Bertan gizakiaren eta saguaren enbrioi-garapena deskribatu eta ilustratu zuen, beste hamabi ornodun-espezierekin batera.[4]
- 1628. urtean William Harveyk saguez baliatzen da bere anatomia-ikasketetarako. Haren behaketek odol-zirkulazioaren mekanismoa ezagutzen laguntzen dute.
- 1902. urtean Lucien Cuénot biologo frantsesak Mendelen legeak berretsi zituen animalietan, sagua erabiliz. 1898. urtetik, Cuénotek sagu zurien eta grisen arteko gurutzatze-esperimentuak egin zituen. Esperimentuek erakutsi zuten fenotipo grisak zuriarekiko nagusitasuna duela, 3:1 proportzioan.[5]
- 1972. urtean Jackson laborategiak ugaztunen lehen datu-base genetikoa sortzen du, saguaren datu genomikoen basearen aitzindaria, hain zuzen.
- XX. mendean zehar, mutazio espontaneoak dokumentatu ziren. Horiei esker identifikatu ziren obesitatea, minbizia eta aterosklerosiarekin erlazionaturiko geneak, sagua eredutzat erabiliz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Whole genome - Mus_musculus - Ensembl genome browser 110» www.ensembl.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Ruiz García, Manuel; Álvarez, Diana (2002). Evolución comparada de genomas animales y su relación con el genoma humano (cap. 6). En El genoma humano. Editorial Panamericana. Bogotá, Colombia.
- ↑ Roedores. En Pequeños herbívoros. Ediciones Folio. Estella. 1991. | Dubock, Adrian C.
- ↑ De la magia primitiva a la medicina moderna. Fondo de Cultura Económica. | Pérez Tamayo, Ruy
- ↑ La relación del hombre con el ratón casero. En Pequeños herbívoros. Ediciones Folio. Estella. 1991. | Berry, R. J.