Edukira joan

Michelozzo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Michelozzo

Bizitza
JaiotzaFlorentzia, 1396 (egutegi gregorianoa)
HeriotzaFlorentzia1472ko urriaren 7a (75/76 urte)
Familia
Seme-alabak
Irakaslea(k)Lorenzo Ghiberti
Filippo Brunelleschi
Jarduerak
Jarduerakeskultorea eta arkitektoa
Lan nabarmenak
Mugimenduapizkundea

Michelozzo, izan osoa Michelozzo di Bartolomeo Michelozzi (Florentzia, 1396Florentzia, 1472) italiar Pizkundeko arkitekto eta eskultorea izan zen. Errenazimentuko estiloaren aitzindaria izan zen, Brunelleschi eta Albertirekin batera.

Biografia eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jostun baten semea zen. Gaztetan urregintzan eta dominagintzan aritu zen. Ghibertiren ikaslea eta, geroago, Donatelloren ikasle eta lankidea izan zen.

Eskultura-lanetan, nabaria da Antzinako Erromako klasizismoaren eragina. Nagusiki haitzurdina, brontzea eta zilarra landu zituen. Florentziako katedralaren sarreraren gainean dagoen San Joan Bataiatzailea gaztearen estatua, San Joan bataiategiaren atzean dagoena bezala, Michelozzok egin zituen. San Joan Bataiatzailearen zilarrezko estatua eder bat ere egin zuen San Joan elizaren aldare nagusirako.

1428an, Donatellorekin batera, pulpitua eraiki zuen, aire librean, Pratoko Santo Stefano katedralaren izkinan.

Nolanahi ere, arkitekto gisa da Michelozzo ospetsua. Cosimo Mediciren babespean egin zuen lan, eta 1433an hura erbesteratu zutenean harekin joan zen Veneziara. Han San Giorgio Maggioreko liburutegia (1614an sute batek suntsitu zuena) eraiki zuen[1].

1434an Cosimo Florentziara itzuli zen, eta orduan hasi zen Michelozzo arkitektura lan garrantzitsuak egiten. 1436an hasi zen berregiten Florentziako San Marco monasterioa. Monasteriorako egin zuen liburutegi dotorea XV. mendean Italia osoan eraiki ziren liburutegien eredu bihurtu zen. 1444-1445 urteetan Santissima Annunziata basilika multzoaren berreraikuntza lanen zuzendari izan zen, Florentzian berriz ere. Era berean, 1446an Brunelleschi hil zenean, aldi batez haren ordezkoa izan zen Florentziako katedralaren arkitekto gisa.

Michelozzok hainbat berrikuntza egin zuen Florentziako palazzo edo jauregien egituran. Jauregi horietan esanguratsuena Medici jauregia da (1444), Florentziako Via Largan eraikia (geroago, XVII. mendean, handitu egin zuen Riccardi familiak). Erdi Aroko Florentzian ohikoa zen oina errespetatuz -hau da, patio arkupedun bat, zenbait aretoz edo gelez inguratua-, eta eraikin mota hauen zorroztasuna hautsi gahe, Michelozzok aldaketa garrantzitsuak egin zituen diseinuan, paradigmatikoak izan zirenak Pizkunde osoan. Aurreneko aldaketa fatxadan habe oro ezabatzea izan zen, nahiz eta Brunelleschik erabili zituen, hori bai, ez oso nabarmen, Alderdi Guelfoaren jauregian. Bestalde, maila horizontalak bihurtu ziren egituraren ardatz. Maila horiei buru emanez, erlaitz irten bat ipini zuen, eraikin erromatarren modura. Goiko erlaitzaren nabarmentasuna orekatzeko, behetik gora, gero eta txikiagoak dira solairuak. Orobat murrizten da fatxadako harri biribilduen erliebea: beheko mailan erliebea handia da, eta oso nabarmena ehundura; solairu nagusian harriak berdinak dira, nahiz eta erliebea junturetan nabarmentzen den, eta, goiko solairuan, harriak lauak dira eta itxurazko loturarik gabe elkartuak.

1461eko otsailak 8an Ragusako Errepublikak kontratatu zuen hiriko gotorlekuaren lanak gainbegiratzeko. Bere ekarpenak oso eraginkorrak izan ziren Minceta, dorre defentsiborik garrantzitsuenaren, kaserna koniko eta luzangetan. Michelozzoren berrikuntza hauek, hogei urte geroago Baccio Pontellik Rocca de Ostian eginiko kaserna eliptikoen aurrekaritzat hartzen dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michelozzo Aldatu lotura Wikidatan