Moneda baserria
Moneda baserria | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°19′22″N 1°56′49″W / 43.3226553°N 1.9468792°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XVI. mendea |
Moneda baserria Donostiako (Gipuzkoa) baserri bat da, XVI. mendean eraikia. Garai hartan Donostiako Oatarren leinuarena zen. Ulia mendiko hegoaldean kokatuta dago, gaur egungo Bidebieta auzoan, kiroldegitik oso gertu, hiri giro bete-betean sartua, orratz-etxez inguratua.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendeetan nekazaritza eta abeltzaintzarako erabilia, Lehenengo Karlistaldian (1833-1840) ospitaletzat jarri zuten.
Egungo baserriak ez du zerikusirik Oatarrek eraiki zutenarekin, Jose Goikoa arkitektoak XIX. mendearen bukaeran erabat zaharberritu baitzuen eraikina. Jose Goikoak berak, Donostiako udal arkitektoa zelarik, Ategorrieta-Ulia auzoan dagoen Buskando ur-biltegia ere eraiki zuen, eta Moneda baserriko lurretan zegoen iturburu oparoko urak Buskando eta Soroborda ur-biltegietara bideratu zituen tunel baten bitartez, ur horiek "Belle epoque" garai hartako Donostiako etxeetara bideratu ahal izateko.[1] Iturburu eta tunel horren sarrerako aztarnak Bidebietako frontoitik aurrera dagoen bailaratxoan daude. Hiria uraz hornitzeko beharra beti egon da lotuta biztanleriaren hazkuntzarekin, Monedako urak bideratu zirenean 10.000 lagun bizi ziren Donostian. Donostiara ura eramateko historian zehar egin diren urratsak eta une horietako bakoitzean zein zen biztanleria ikus daitezke taula honetan:[1]
Urtea | Uraren jatorri berria | Donostiako biztanle kopurua | Ur horiek Buskandora zihoazen? |
1566 | Olarain (ez zen lortu) | 6.000 | Ez |
1609 | Morlans | 8.000 | Ez |
1850 | Lapazandegi (Uliako hegoaldean) | 10.000 | Ez |
1850 | Moneda baserria (Uliako hegoaldean, Bidebieta) | 10.000 | Bai |
1864 | Errotazar (Uliako itsasaldean) | 14.600 | Bai |
1879 | Ingelesen iturria (Uliako itsasaldean) | 19.232 | Bai |
1884 | Txoritokieta | 20.823 | Bai |
1893 | Olarain (Antigua) | 32.609 | Ez |
1899 | Añarbe | 32.600 | Ez |
1902 | Artikutza | 37.703 | Ez |
1960 | Artikutza | 135.000 | Ez |
1976 | Añarbe | 172.000 | Ez |
XX. mende erdialdean, Altza udalerria Donostiak bereganatu eta gero, oraindik baserria zen, Trintxerpear asko Monedara joaten ziren esnea erostera, eta bertako baserritarrak asto-gurdian baratzeko produktuak eramaten zituzten Trintxerpera.
1970eko hamarkadaren hasieran Bidebieta auzoa guztiz urbanizatzearekin batera, Donostiako Aurrezki Kutxak erosi eta erabat eraberritu zuen.[2] Aurrezki kutxaren bulegotzat erabili izan zen, eta Kutxaren artxibo orokorra bertan egon zen zenbait urtez. Gaur egun gizarte laguntzarako gunea da.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Muñoz Echabeguren, Fermín. (2003). El agua potable en la historia de San Sebastián Edateko ura Donostiako historian. Aguas del Añarbe = Añarbeko Urak ISBN 84-607-7900-9. PMC 433440762. (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ion Urrestarazu Parada: «Caserio Moneda», Donostiando, 2012-05-09.
- ↑ «Garai berria Monedarentzat», Irutxulo aldizkaria, 2003-11-14.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Moneda baserria altza.info webgunean (45 dokumentu)
- Boneda baserria altza.info webgunean (10 dokumentu)
- Uliako_ura_Donostian argazkiak.