Edukira joan

Konbentzio Nazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nazio Konbentzioa» orritik birbideratua)
Konbentzio Nazionala
Convention nationale
1792ko irailak 21 – 1795eko urriak 26
Frantziako Lehen Errepublika
Frantziako bandera
Geografia
Historia
Aurrekoa
Frantziako Erresuma
Ondorengoa
Direktorioa

Konbentzio Nazionala (frantsesez: Convention nationale) Frantziako erregimen politikoa izan zen, Biltzar Legegilearen ondorengoa, 1792ko irailaren 21etik 1795eko urriaren 26ra herrialdea gobernatu zuena. Ganbera bakarreko biltzarra zen, gizonezkoen sufragioz aukeratua, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuena.[1]

Konbentzioaren gela.

1792ko abuztuaren 10ean monarkia desagertu zenean, baliorik gabe geratu zen 1791ko konstituzioa. Orduan, legebiltzarra desegin eta hauteskunde deialdia egin zuen, 749 kideko biltzar konstituziogile berri bat eratzeko: Konbentzio Nazionala. Frantzian lehenbiziko aldiz, gizonezkoen sufragio unibertsalaz aukeratu ziren biltzarkideak.

Irailaren 21ean monarkia ezeztatu eta biharamunean errepublika ezarri zuen Konbentzioak. Biltzarra hiru taldetan banaturik zegoen: girondarrak, estatu federalaren eta ekonomia askatasunaren aldeko burgesak; “Mendia”, jakobinoak barne, zentralistak eta erradikalak, Parisko herri klaseetako sans-culotteen laguntza zutenak; eta “Lautada”, beste bien arteko talde moderatua.[1] Traizioa egotzirik, Konbentzioak Luis XVI.a epaitu eta, gehiengo soilez, heriotzera zigortu zuen. 1793ko urtarrilaren 21ean hil zuten gillotinan. Europako monarkien erantzuna Lehen Koalizioa osatzea izan zen, Frantziari gerra egiteko.

Europako potentzien aurkako gerrarako gudaroste handi bat sortu zuen Konbentzioak, ehunka mila herritar armadan sartzera behartuz. Neurri horrekin ados ez zetozen nekazariak Iraultzaren aurka altxatu ziren Bretainian, Alsazian eta, batez ere, Vendéen; azken matxinada honek Antzinako Errejimeneko tradiziozko estamentuak zituen buruzagi.[2] Horiek horrela, martxoan Epaitegi Iraultzailea (frantsesez: Tribunal révolutionnaire) sortu zuten, kontrairaultzaileak atxilotzeko, eta Osasun Publikoaren Batzordea (frantsesez: Comité de salut public) apirilaren 6an. Maiatzaren amaieran, sans-culotteak matxinatu ziren Parisen, eta horretaz baliatu ziren jakobinoak boterea berenganatzeko.[3]

Jakobinoek Konbentzioaren kontrola hartu zutelarik, erakunde hori indargabetu, eta “diktadura demokratikoa” ezarri zuten Osasun Publikoaren Batzordearen eta Segurtasun Orokorraren Batzordearen (frantsesez: Comité de salut public) bidez.[1] 1793ko urrian konstituzioa bertan behera gelditu zen. Hura izan zen Izu Garaiaren hasiera. Robespierre, Marat eta Saint Justek Iraultzaren kontrako jende ugari eraman zuten gillotinara: aristokratak, monarkiazaleak, baita hasieran iraultzan parte hartutako asko ere, girondinoak, jakobino moderatuak (Danton) eta erradikalak (Hébert). Iraultzak, aldi hartan, errotik aldatu nahi izan zuen antzinako Frantzia. Kontua ez zen soilik errepublika eta gobernu iraultzailea ezartzea, bizi era berriak ere sartu ziren, hala nola, gurtza zibil berri bat, Izaki Gorenaren jaiak, eta egutegi berria, iraultzailea, I. Urtearekin hasten zena (1792), urtaroetako jarduerei lotua (mahaxte, lainote, elurkor…). Izuaren praktikak ordea, gobernu jakobinotik zuzendutako terrorismoak, klase agintari berri bat sortu zuen: aparatu militarra kontrolatzen zutenena.[2]

Izualdiaren ondorioz, herri xehea urrunduz joan zen jakobinoengandik. Une hori probestu zuten moderatuek agintea eskuratzeko.[1] Thermidorraren 9an (1794ko uztailaren 27an), Robespierre, Saint Just eta haien aldekoak epaiketarik gabe gillotinatuak izan ziren. Handik aurrera, Konbentzioak berriro ere nagusitasuna eskuratu zuen. 1795eko abuztuan III. urteko Konstituzioa onartu zen. Horren arabera, Direktorioak izanen zuen botere betearazlea, eta biltzar legegileak bi ganbera edukiko zituen: Bostehunen Kontseilua eta Zaharren Kontseilua; ganbera horiek boto zentsitarioz hautatuko ziren. Konbentzioa urte hartan bertan, urrian, desegin zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Ariztondo Akarregi, Salbador. 1789ko Iraultza, garaiko testuinguru historikoan. Jakin, 51. zenbakia, 1989, 7-16. orrialdeak, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-20).
  2. a b Frantziako Iraultza. Gertaerak.. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-20).
  3. Errepublika gerra-garaian. hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]