Peter Newmark
Peter Newmark | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Brno, 1916ko apirilaren 12a |
Herrialdea | Erresuma Batua Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua 1927ko apirilaren 12a) |
Heriotza | 2011ko uztailaren 12a (95 urte) |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Rugby School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria eta itzultzailea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Peter Newmark (Brno, 1916ko apirilaren 12a – Moravia, 2011ko uztailaren 9a) itzulpengintza arloko akademikoa eta Surreyko Unibertsitateko irakaslea izan zen .
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Newmark figura oso garrantzitsua izan zen XX. mendeko Itzulpen Ikasketen sorreran mundu anglosaxoian, eta mundu hispanikoan ere eragin handia izan zuen.
Rugby Eskolako ikasle izan zen, eta Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen. Han Anthony Blunt ezagutu zuen, izan ere, Newmarken frantseseko irakasle izan zen. Bigarren Mundu Gerran zehar zerbitzu sekretuan aritu zen eta Bolzanora bidali zuten interprete gisa. Gerra ondoren irakaskuntzan aritu zen, eta Holborneko Zuzenbide, Hizkuntza eta Merkataritza Eskolan Hizkuntza Modernoen Departamentuko buru izendatu zuten. Surreyko Unibertsitatean ez ezik, Espainian eta Kanadan irakasle bisitari gisa ere aritu zen. Surreyko Centre for Translation Studies-en sorkuntzan eta garapenean parte hartu zuen, eta The Journal of Specialised Translation-eko argitalpen-kontseiluko presidente izan zen. Halaber, bi hilean behin “Translation Now” idazten zuen The Linguist-erako, eta Institute of Linguists-eko argitalpen-kontseiluko kide izan zen. Musika klasikoa, antzerkia eta edozein motatako literatura eta poesia gustuko zituen. Gainera, Amnistia Internazionalarekin batera, Palestinaren kausaren alde ere egin zuen.
Haren lan aipagarrienak A Textbook of Translation (1988), Paragraphs on Translation (1993), About Translation (1991) eta More Paragraphs on Translation (1998) dira.
Itzulpen komunikatiboa eta itzulpen semantikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Newmarken ekarpen nagusia itzulpen komunikatiboaren eta itzulpen semantikoaren kontzeptua da.
Nidak bi itzulpen modu bereizten ditu: itzulpen komunikatiboa eta itzulpen semantikoa.
Itzulpen komunikatiboan, helburua honako hau da: sorburu-testuak irakurlearengan sorrarazi duen efektua ahalik eta antzekoena izatea xede-testuak irakurlearengan sorrarazi duen efektutik.
Itzulpen semantikoan, sorburu-hizkuntzako testuinguru-esanahi zehatza lortu nahi da, xede-hizkuntzaren formak, hau da, egitura semantiko eta sintaktikoak, ahalbidetzen duen bezainbeste.
Hona hemen itzulpen komunikatiboaren eta semantikoaren arteko desberdintasunak:
Parametroa | Itzulpen semantikoa | Itzulpen komunikatiboa |
---|---|---|
Igorlearengana ala hartzailearengana bideratuta | Igorlearengana bideratuta; konnotazioen bidez soilik lagundu beharko lioke xede-testuaren irakurleari, baldin eta zati hori mezuan funtsezkoa bada | Hartzailearengana bideratuta, hizkuntza eta kultura zehatz batera |
Kultura | Sorburu-kultura mantentzen du | Xede-kulturara egokitzen ditu elementuak |
Denbora eta espazioa | Ez dago ez denboran ez espazioan finkatuta; itzulpena belaunaldiz-belaunaldi berritu behar da | Iragankorra eta idatzi den garaiko testuinguruan oinarrituta |
Sorburu-testuarekiko harremana | Sorburu-testua baino kaxkarragoa da; zentzua galtzen da | Sorburu-testua baino hobea izan daiteke; eduki semantikoa galdu ahal bada ere, sendoagoa eta argiagoa izan daiteke |
Sorburu-hizkuntzaren forma | Sorburu-hizkuntzako arauak desbideratzen badira, xede-testuan ihardetsi behar dira; “leialtasuna” zor dio sorburu-testuaren autoreari | Sorburu-hizkuntzako forma errespetatu behar da, baina ez die “leialtasuna” zor xede-hizkuntzako arauei |
Xede-hizkuntzaren forma | Konplexuagoa, xeheagoa; beharrezkoa ez dena itzultzeko joera (overtranslate) | Sinpleagoa, argiagoa, zuzenagoa; edukia laburtzeko joera (undertranslate) |
Zein testu-mota edo generorentzat da egokia? | Literatura, autobiografia, ‘isuri pertsonala’, edozein adierazpen politiko (edo beste bat) garrantzitsu | Testu gehienak, hala nola, literatura ez den testua, testu tekniko eta informatiboak, publizitatea, fikziozkoak |
Ebaluaziorako irizpidea | Sorburu-testuaren esanahia zehaztasunez erreproduzitu | Sorburu-testuaren mezua xede-testuan zehaztasunez komunikatu |
Bi itzulpen-motak desberdintzeak ez du esan nahi testu bat komunikatiboki soilik edo semantikoki soilik itzuli behar denik. Newmarkek, aitzitik, testu batean zati batzuk semantikoki eta beste batzuk komunikatiboki itzuli behar direla baieztatu zuen. Hala ere, ez badago argi zein itzulpen-metodo erabili behar den (batez ere itzulpen semantikoa efektu “anormal” bat sortzen badu xede-testuan edo xede-hizkuntzan), itzulpen komunikatiboa erabili ohi da. Newmarkek adibide oso argia ematen du: bissiger Hund (alemanez) edo chien méchant (frantsesez) semantikoki itzultzen baditugu, dog that bites, mezua ez da ulertzen. Itzulpen komunikatiboa erabiltzen badugu, {ĺang|en|beware the dog}}, aldiz, igorleak hartzailearengan sortu nahi duen efektua bermatzen du.
Newmarkek dio itzulpen semantikoa itzulpen literaletik desberdintzen dela; alde batetik, itzulpen semantikoak testuingurua errespetatzen du, interpretatzen du eta azalpenak ere ematen ditu (metaforak, esaterako). Itzulpen literalak, bestalde, hitzez-hitzezko itzulpena dakar, eta oso gertutik jarraitzen dio sorburu-testuko sintaxi eta lexikoari. Newmarken hitzetan, itzulpen komunikatibo zein semantikoan, baliokidetza-efektua bermatzen bada, hitzez-hitzezko itzulpena ez da onena soilik, baizik eta onargarria den itzulpen-metodo bakarra ere.
Hala ere, Newmarken ekarpen hori ez zen guztiz berritzailea izan, Nidaren kontzeptuak (baliokidetza dinamikoa eta baliokidetza formala) berreskuratu baitzituen Newmarkek. Hark dionez, haren eta Nidaren lanaren arteko desberdintasun nagusia honako hau da: Newmarkek uste du beti egongo dela bete ezin den distantziaren bat, Nidak, aldiz, itzulpena efektutik ahalik eta hurbilen egon behar dela dio.
Newmarken ekarpenak Nidaren baliokidetza formalak eta baliokidetza dinamikoak baino eztabaida txikiagoa jaso badu ere, Newmarkek bere lanean emandako adibideak oso baliagarriak izan dira. Gainera, aurkeztu dituen galdera asko oso garrantzitsuak izan dira itzulpengintzaren arloan.
Newmarkek baieztatu zuen itzulpena ez dela bai ala bai beti sorburu-testua baino kaxkarragoa izango, izan ere, testu originala errepikakorra edo pobrea bada, itzultzailea testua hobetzen saiatuko da.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Newmark, P. (1977). Communicative and Semantic Translation.
- Newmark, P. (1981). Approaches to translation (Language Teaching methodology senes). Oxford: Pergamum Press.
- Newmark, P. (1988). A textbook of translation. New York: Prentice hall.
- Newmark, P. (1991). About translation. Multilingual matters.
- Newmark, P. (1993). Paragraphs on translation. Multilingual matters.
- Newmark, P. (1998). More paragraphs on translation. Multilingual matters.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Althoff, Gustavo and Lilian Fleuri. 2010. Interview with Jose Lambert. Scientia Traductionis, n.7
- Newmark, P. (1977). Communicative and Semantic Translation. Babel, 23 (4), 163-180.
- Munday, J. (2016). Introducing translation studies: Theories and applications. Routledge.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Peter Newmark obituary, The Guardian, 28 September 2011
- Issue 17, January 2012, including 3 tributes to Peter Newmark, "JoSTrans. The Journal of Specialised Translation" ISSN 1740-357X Jan Cambridge: Peter Newmark‘s influence on my world of languages: a personal perspective for translators; Ann Corsellis: A non-academic view of Peter Newmark for translators; Jeremy Munday: Some personal memories of Peter Newmark for translators.