Edukira joan

Rosa Oteiza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rosa Oteiza
Bizitza
JaiotzaIruñea1883ko abuztuaren 13a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea1970eko urriaren 17a (87 urte)
Jarduerak
Jarduerakmodeloa eta emagina

Rosa Estefanía Oteiza Armona (Iruñea, 1883ko abuztuaren 13a - Iruñea , 1970eko urriaren 17a) nafar emagina izan zen, ezaguna, batez ere, Nafarroako Foruen monumentuko irudiaren modeloa izan zelako.

Rosa Oteiza Armona Iruñeko San Anton kaleko 22. zenbakian jaio zen, 1883ko abuztuaren 13an. Migel Oteiza Alonsoren (Allo, 1855 - Iruñea 1899) eta Francisca Armona Oliteren (Urrotz, 1859 -Iruñea, 1945) zazpi seme-alabetatik bigarrena zen.[1]

19 urte zituenean, bera izan zen Foruen monumentuko emakumea irudikatzeko erabili zen modeloa. Manuel Martinez de Ubago izan zen monumentuaren diseinatzailea, eta Rosa haren anaia Joseren maitalea zen. Eskulturaren egilea Jose izan zela uste da. Klase sozial ezberdinetakoak baitziren, Rosa eta Jose ez ziren ezkondu, baina hiru seme-alaba izan zituzten. Hiruek aitaren abizenak bakarrik hartu zituzten, Martinez de Ubago eta Lizarraga, eta amarenak galdu.[1][2][3]

Ezkontzaz kanpoko harreman hori zela eta, Rosak bere auzokideen gutxiespena jasan behar izan zuen, batez ere 1903an monumentua Sarasate pasealekuan ezarri zenetik. Iruñeak 28.000 biztanle zituen orduan, eta horrelako erlazio bat eskandalua zen garaiko gizartearentzat.[4]. 1906 aldean, Manuel eta Jose Martinez de Ubago Zaragozara aldatu ziren, eta Rosa Iruñean geratu zen hiru umeekin.[2]

1908an Jose esposatzekotan egon zen bere gizarte mailako andre batekin, baina Rosak ezkontza galarazi zuen, zeremonian agertu baitzen, ondoan hiru umeak zituela. Horren ostean, Jose Donostiara joan zen bizitzera, eta hiru seme-alabak berekin eraman zituen. Beti ere, umeen mantenua ordaintzen zuen arren, ez zituen etxean hartu, eta apopilo etxe batean hazi ziren. Haurrek hiltzat eman zuten beren ama. Bestalde, bere idazkariarekin ezkondu ondoren, beste bost seme-alaba izan zituen Josek. 1935etik 1936ra, Donostiako alkatea izan zen.[2]

Rosaren berri handirik ez dago. 1913an, Iruñeko udal emagin posturako aurkeztu zen, baina ez zuen lortu. 1918an, Jose Julian Ozkoidi maisuarekin ezkondu bazen ere, ez dirudi elkarrekin denbora luzez bizi izan zirenik. 1932tik 1942ra, Errenterian emagin aritu zen lanean; alta, seme-alabengandik hurbil bizi izan arren, ez zuen haiekin harremanik edukitzerik izan.[1]. Iruñera itzulirik, amarekin bizi izan zen Compañia kalean, eta Pozo Blanco kalean hura zendu ondoren. 1970ean hil zen, 87 urte zituela.[3]

Foruen monumentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Foruen monumentua»

Germán Gamazo Espainiako Ogasun ministroak Nafarroako zerga arauak aldatzeko 1893an hartutako erabakiaren aurka altxatu zuten Foruen monumentua. Manuel Martinez de Ubago iruindar arkitektoak diseinatutako lana herritarren artean egindako diru bilketari esker ordaindu zen, eta 200.000 pezeta (1.200 euro) inguru kostatu zen.[5] Kataluiniako Masriera y Campiu galdategian egindako brontzezko eskulturak bost metroko garaiera eta 5.000 kiloko pisua du.

Monumentuko emakumeak Nafarroa irudikatzen du, jarrera adoretsu eta irmoarekin. Armadura-peto bat darama eta lehoi larru batez jantzirik dago. Eskuineko eskuan apurtutako kateak ditu, eta ezkerrekoan Foru Legea. Oin azpian zapalduta, berriz, kasko bat eta arma batzuk ditu.

  1. a b c (Gaztelaniaz) Albisu Pérez, José Javier. La historia de Rosa Oteiza. pelotamanoremonte.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Gimenez, Ivan. El rostro olvidado de los Fueros: Rosa Oteiza. Diario de Noticias, 2010-12-19, noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).
  3. a b (Gaztelaniaz) Mendiburu Belzunegui, Patxi. Rosa Oteiza y José Martínez de Ubago. Pregón siglo XXI, ISSN 1696-1161, 61. zenbakia, 2021, 30-33. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).
  4. (Gaztelaniaz) Nafarra. (2016-03-08). «Rosa Oteiza – Cara y cruz de los Fueros / Foruen aurpegia eta gurutzea» nafarrak.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
  5. Arrizurieta, Irene. Emaztearen itxura berria. Berria, 2011ko otsailak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]