Tinieblak
Tinieblak (latinez: tenebrae terminotik, "iluntasuna") edo teniolak Mendebaldeko Kristautasunean Aste Santuan ospatu ohi den ofizio edo meza merezi bat dira, zeinean elizako argiztapen bakarra argimutil berezi batean (tenebrarium delakoa) jarritako kandela batzuk diren, eta salmoak irakurri ahala, banan-banan kandela horiek itzaltzen doaz, eta eliza iluntasun osoan geratzen denean, matraka edo durrunba zaratatsu batekin amaitzen da erritua.
Ohikoena Tinieblak Aste Santuaren azken hiru egunen (Ostegun Santua, Ostiral Santua eta Larunbat Santua) bezperako iluntze edo gauean.
Tinieblak ospatu izan dira Eliza Katolikoaren Erromatar errituan, Anglikanismoan, Protestantismoan, eta Mendebaldeko Erritu Ortodoxoan.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian 20. mendera arte iraun zuen ohitura katoliko honek. Antzuolako lekukotasun batek honela deskribatzen du[1]: "Elizako aldarean hamabi kandela hori eta bat zuri pizten ziren. Hamabiak Jaungoikoaren apostoluak ziren, eta zuria Jaungoikoa bera. Hau kandelen erdian jartzen zen. Salmoak bezala abestuz, kantu bakoitzaren bukaeran koruan zeudenek hankekin joten zuten koruko lurra adierazi nahian sakristauari, kantu hura bukatu zela eta kandela bat emendatzeko. Eta orduan sakristauak kaputxatxo bat zeukan burdinazko kirtendun batekin, kandelak emendatzen joaten zen. Beraz, kantu bakoitzean kandela bat emendatzen zen."
Errituaren azken parteak ere garrantzia zuen Euskal Herriko tiniebletan: herriko mutil gazteak zain egoten ziren azken kandela itzaltzearekin matraka zaratasua emateko. Arrasateko lekukotasun batek honela deskribatzen du[2]: "Teniolak ziren, Aste Santuan mutilak elizara piloan biltzen ginen abagunea. Elizako atarian irauten genuen azkenengo kandelak itxungitzen ziren arte. Aldareko bi kandelak itxungitzeko falta zirenean sartzen ginen bolaran. Batzuek harriz betetako poteak eskuetan zituztelarik, kandela guztiak itxungitzen zirenean, bankuetako oholak gora jaso eta joka, eta poteetako harriekin abarrosik handiena ateratzen saiatzen ginen".
Hain zuzen ere, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera teniola jo esamoldea matraka ematearen sinomimoa da[3].
Desberdintasunak elizkizun kanonikoarekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko lekukotasun horiek deskribatzen dutena desberdina da officium tenebrarum kanonikoko formarekin. Liturgia horretan kandelak 15 dira, eta tenebrarium argimutil bereziak 15erako du tokia hain zuzen, zazpi alde banatan eta bat goian. Era berean, azken kandela, goikoa, ez da itzaltzen eta iluntasun osoa ez da egiten, beraz[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Telleria, Iñigo Ramirez De Okariz. (2013-04-07). «IRINMODO (1307-2018): ASTE SANTU OSPAKIZUNA, LEHEN» IRINMODO (1307-2018) (Noiz kontsultatua: 2018-05-16).
- ↑ Velez de Mendizabal, Josemari. (2000). «Arrasateko parrokia» Euskonews & Media (98) (Noiz kontsultatua: 2022-01-17).
- ↑ «Euskaltzaindia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Tenebrario» Ceremonia y rúbrica de la Iglesia española (Noiz kontsultatua: 2023-01-17).