Uribarri baserria
Uribarri baserria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Orozko |
Koordenatuak | 43°05′33″N 2°50′46″W / 43.0924987°N 2.8462006°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Ondarea | |
EJren ondarea | 83 |
Uribarri baserria Orozkon (Bizkaia) dagoen XVI. mendeko baserria da. 2018ko urriaren 8ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, sailkatutako kultura-ondasuna.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uribarri baserriak lau angeluko oinplanoa du, iparralde eta hegoaldera orientatuta dago, eta bi isurialdeko estalkia du, gailurra fatxada nagusiarekiko zuta dela. Harlangaitz zarpiatuzko obra da. Fatxada nagusiaren aurrean, bolumen bat dago, ardi-korta gisa erabiltzen zena eta, egun, etxebizitza-erabilera duena; leku berean, beste bolumen bat dago, labea gordetzen duena.
Fatxada nagusian, beheko solairuan, alboko sarrera batetik kortetara sartzen da. Hurrengo solairuan, sarbide bat dago, eraikinaren fatxadako erdiko ardatzean dagoen harrizko eskailera batetik abiatzen dena. Halako kanpo-eskailerak ohikoak dira Orozkoko haraneko baserrietan. Solairu honetako baoen antolamendua irregularra da, eta ez dio inongo eskemari jarraitzen. Azkenik, ganbaran, bi bao txiki daude. Ateburudunak dira bao guztiak, eta harlandu sendoz inguratuta daude. Ipar-mendebaldeko fatxadatik sarbide bat dago lehenengo solairura sartzeko. Fatxada horretan, orobat, «artzainaren etxea» delakoaren irtengunea dago. Baditu, era berean, harlanduz inguratutako leiho-zuloak. Beste fatxadetako baoak txikiak dira, eta fatxada nagusikoen moduan eginda daude.
Beheko solairu osoan kortak daude. Lehen solairuak, berriz, etxebizitza-erabilera du. Sarreratik banaleku den atondora igarotzen da, eta, handik, eskuinaldera eginda, sukaldera, eta, ezkerraldera, maila beheraxeagoan dauden geletara sartzen da. Solairu horretan, gainera, beste gela batzuk eta biltegiratzeko espazio bat daude. Barne-eskailera batetik, ganbarara igotzen da, zeinak biltegi-erabilera baitu. Hirugarren solairu honetan, plataforma bat dugu, habearteen bao nagusia okupatzen duena. Ipar-mendebaldeko alboan, «artzainaren etxea» delakoa atxikitzen zaio; han, abereak ukuiluratzeko tokia dago, eta sukalde bat dago, laratza eta erdiko sua duena. Espazioen barne-banaketak hurritzezko edo gaztainazko adar-trentzatuz eginda daude, akabera luzituak dituztela.
Egitura zurezko portikoz eginda dago, eta pieza bakarreko haritz-zurezko zutoin handiz osatua. Sistemaren txarrantxatzea bi eratara eginda dago: batetik, zutoin eta habeak agerian mihiztatutako besoetan txarrantxatzen dira, dena ere zurezko ziri ia-zilindriko bidez lotuta dagoela; bestetik, estalkiaren egitura-sistema portikoen noranzkoa aldatuta osatu da, eta, hartara, beheko portikoak beren artean lotuta daude luzetara. Portiko-egiturak multzo bati eusten dio, zehazki haritzezko eskuairaldezko soliba-forjatuz eta gaztaina-zurezko xafla lodi eta handiz egindako oholtzaz osatutako multzo bati. Estaldurako hegala zurezko ohol mihiztatuz eginda dago, eta ohol horiek gapirio-multzoari lotzen zaizkio, zurezko ziri txiki asko «josita».
XVI. mendekoa da jatorrizko egitura. XVIII. mendean, erabilerak berrantolatu ziren, eta egitura osatu zen. XIX. mendean, «artzainaren etxea» delakoa erantsi zitzaion.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).