Vasil Ivantxuk
Vasil Mikhailovitx Ivantxuk (Ukraineraz: Василь Михайлович Іванчук; errusieraz: Василий Михайлович Иванчук) (Kopitxintsi, 1969ko martxoaren 18a) ukrainar xake jokalaria da eta Nazioarteko Maisu Handia.
80ko hamarkadaren amaieran hasi zen goi mailako xakean nabarmentzen. 1988an eskuratu zuen Maisu Handi titulua, eta urte berean munduko 10 jokalari onenen artean sartzea lortu zuen. 1989an Linaresko Torneo prestigiotsua irabazi zuen Karpoven aurretik. 1991n berriro irabazi zuen torneo hori, Kasparoven aurretik. Ordu arteko ibilbidea ikusita, askok Kasparov eta Karpoven ondorengotzat jotzen zuten, eta munduko txapelketa irabazteko hautagai sendotzat. Alabaina ordutik bere ibilbidea gorabeheratsua izan da. Gaitasun izugarria duen arren, orain artean ez du munduko txapeldun izaterik lortu eta ez da inoiz jokalari onenen zerrendako lehen postuan egon, nahiz eta hainbat aldiz lortu duen zerrendako 2. postuan egotea. Adituen ustez Ivantxukek partida garrantzitsuetan izaten duen urduritasunari zor zaio hori.
2002an FIDEren Munduko Xake Txapelketako finala jokatu zuen Ruslan Ponomariov herrikidearen aurka, non Ivantxuk zen faborito garbia, baina Ponomariov gailendu zen.
2004an Europako Xake Txapelketa irabazi zuen, 2007an Munduko Blitz Xake Txapelketa eta 2016an Munduko Rapid Xake Txapelketa.
SESBeko xake taldearekin urrezko domina irabazi zuen 1988 eta 1990eko Xake Olinpiadetan, eta Ukrainako xake taldearekin 2004 eta 2010ean (1996an zilarrezkoa eta 1998, 2000 eta 2012an brontzezkoa). Horrez gain, SESBeko Ukrainako xake taldearekin urrezko domina irabazi zuen 1989ko Taldekako Munduko Xake Txapelketan, eta Ukrainako xake taldearekin 2001ean (1993 eta 2015ean zilarrezkoa, eta 2011 eta 2013an brontzezkoa).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vasil Ivantxuk |
- (Ingelesez) Chessgames