Edukira joan

Zeltiberiar

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Talde etniko infotaulaZeltiberiar

Motatalde etniko historiko
Hizkuntzazeltiberiera
Honen parteZelta

Zeltiberiarrak Iberiar penintsulan K.a. azken mendeetan zeltiberieraz hitz egiten zuten herriak ziren, Galiatik migratutako zeltak bertako indoeuroparren aurreko populazioekin (batik bat iberiarrekin) nahastean sortuak. Tribuak osatzen zituzten, besteak beste arevaci, belli, titti eta lusones izen latindarrekin ezagutzen direnak[1].

Terminoaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Celtiberi terminoa Diodoro Sikuloren[2], Apianoren eta Martzialaren testuetan agertzen da, iberiarren eta zelten arteko gurutzaketa hori izendatzeko. Estrabonen esanetan, zelten alderdia nagusitzen zen haien artean. Zeltiberiera hizkuntza zelta da, eta haren aztarnak K.a. I. mendetik aurrera ezagutzen dira. Arkeologiaren aldetik, zeltiberiarren Hallstatt kulturaren barrenean sailkatzen dira.

Aldi goiztiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo zeltek, K.a. VI. mendean Iberiar penintsulan sartu zirenean, Hallstatt kulturako zenbait bereizgarri eraman zituzten beraiekin, baina bertan topatu zuten kulturaren ezaugarri asko bereganatu zituzten. Atlantikoko Europako beste tokietan bezala, kultura zeltiberiarrean behiak hazten ziren, sasoiaren arabera toki batera edo bestera joanda, eta gerlari gutxi batzuek osatutako eliteak babestuta. Mendietan gotorlekuak eraikitzen zituzten, kastro deituak, ingurunea kontrolpean edukitzeko.

Zeltiberiarren kokaleku nagusia erdialdeko goi ordokiko iparraldea izan zen, Tajo eta Dueroren goiko arroak, Ebroren ekialdean (egungo Soria, Guadalajara, Zaragoza eta Teruelgo probintziak). Hor aurkitu zituzten erromatar eta greziar geografoek eta historialariek. Tribu nagusia Arevaci zeritzana zen, Okilis (egungo Medinaceli) hiritik inguruko herriak mendean hartuta. Erromaren kontrako erresistentzian nabarmendu ziren. Beste tribu batzuk belli eta titti izenekoak ziren, Jalónen arroan, eta Lusones izenekoa ekialdean.

Metalgintza nabarmentzen da zeltiberiarren aztarnategietan, hein handi batean oso iragankorrak direlako. Metalezko tresna horietan zeltiberiarren alde militarra azpimarratzen da, armak eta zaldietan ibiltzeko gauzakiak oso ohikoak baitira. Erromatarrek hartu zuten bi ahoko ezpata erabili zuten zeltiberiarrek lehenago. Kristo aurreko azken bi mendeetan, erromatarren eragina gero eta nabariagoa izan zen zeltiberiarren kulturaren gainean.

Aldi berantiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. III. mendez geroztik, oppidumk, ingurunea kontrolatzen zuen hiri harresituak, ordeztu zuen klana zeltiberiarren egitura politikoan. Kastroak bigarren mailako bizilekuak ziren, oppidum horien mendean. Hiri harresitu horietatik, zeltiberiarrek hitzarmena egin eta desegiten zituzten, eta haietako bakoitzak bere moneta zeukan. Klanaren egitura zaharrak gorde ziren armadak osatzerakoan.

Zeltiberiarrak ziren ospe handiena zuten herria erromatarren aurreko Iberian. Bigarren Gerra Punikoan, Kartagorekin bat egin zuten Erromaren kontra, nahiz eta ez dago argien hitzarmen hori norainokoa izan zen nahita edo nahitaezkoa. Alpeak zeharkatu zituzten Hanibalen agindupeko armada anitzean. Kartagoren porrotaren ondorioz, zeltiberiarrek erromatarren nagusitasuna onartu zuten lehen aldiz K.a. 195ean. Tiberio Sempronio Grako K.a. 182 eta 179 bitartean aritu zen zeltiberiarrak azpiratu nahian. Nolanahi ere, zeltiberiarren aurkako borrokek jarraitu zuten (Gerra Zeltiberiarrak), harik eta Eszipion Emilianok Numantzia hiri matxinatua suntsitu zuen arte K.a. 133an. Sertorioren gerrek (K.a. 79-72) amaiera eman zioten erromatarren kontrako erresistentzia zeltiberiarrari.

Zeltiberiarren arrastoak jarraitzen du Iberiar penintsulako zenbait toki-izenetan. Euskal Herrian ere aurkitzen dira jatorri zelta duten zenbait toponimo, Ultzama, esaterako[oh 1] bihurtu zuen bitartean.

  1. Koldo Mitxelenak uste zuen Ultzama toponimoa zeltako Uxamatik zetorrela. Hitz horrek lekurik altuena esan nahi du, eta esanahi hori ongi datorkio Ultzamari, zeren, Basaburuarekin batera, Nafarroako isurialde mediterraneoko ibarrik altuenak baitira. Euskal ahoskerak Uxama hori Ultzama bihurtuko zuen, Mitxelenaren ustetan, beste toki batzuetan Osma (Bizkaiko Mallabiako auzoan bezala)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Maier, Bernhard. (2003-01-07). «The Celts of Iberia» The Celts (Edinburgh University Press): 75–81. ISBN 9780748616053. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  2. «LacusCurtius • Diodorus Siculus — Book V Chapters 19‑40» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]