Antzigar lerroa
Astronomian edo planeten zientzian, antzigar lerroa edo izozte lerroa argizagiek eguzki-nebulosaren barnean zenbait konposatu lurrunkor (ura, amoniakoa, metanoa, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa eta antzekoak) izotzezko ale solido bihur daitezen protoizarretik egon behar duten distantzia da. Aipatutako konposatu lurrunkorrek kondentsatze-tenperatura desberdinak dituzte, presio partzial desberdinetan (dentsitate desberdina dute) eta hortaz, haien eguzki-nebulosako antzigar lerroa desberdina izango da batetik bestera. Horretaz gain, adibidez, uraren antzigar lerroa non kokatzen den jakiterakoan, hartarako baliatzen den eredu fisikoak eta eguzki-nebulosaren eredu teorikoak eragina izango dute emaitzetan:
- 170 Kelvin 2.7 UAra. (Hayashi, 1981)[1]
- 143 Kelvin 3.2 UAra (Podolak eta Zucker, 2010)[2]
- 3.1 UAra (Martin eta Livio, 2012)[3]
- ≈150 Kelvin μm-tamainako aleentzat eta ≈200 K kilometro bat edo gehiagoko gorputzentzat (D'Angelo eta Podolak, 2015)[4]
Nebulosa eboluzionatzen doan heinean, lurrunketa-kondentsazio frontearen posizio erradiala higitu egiten da. Elur lerro terminoa ere maiz erabiltzen da ur izotza egonkor (Eguzkiak zuzenean joz gero ere ez da urtzen) egon daitekeen gutxieneko posizio erradialari erreferentzia egiteko. Egungo elur lerro hau hasierako elur lerroarekiko (eguzki-sistema sortzen zegoenean indarrean zegoena) ezberdina da eta egungoa 5 UA ingurura kokatzen da Eguzkitik.[5] Ezberdintasun horrek eguzki-sistemaren sortze-aldian zeuden baldintza berezietan du jatorria, izan ere, garai haietan eguzki-nebulosa laino zurrun bat zen eta beraz, tenperaturak baxuagoak ziren egungoekin alderatuta, gainera, Eguzkiak indar gutxiago zuen. Aipatu beharra dago sortze-aldia amaitu ostean izotzak egonkor biziraun zuela zenbait tokitan, metro batzuetako hauts geruza batek estalita geratu zelako. Alabaina, 5 UA baino hurbilago izotza gainazalean babesgabe ipiniz gero, adibidez, krater baten ondorioz, sublimatu edo urtu egingo da denbora-tarte laburrean. Bada ordea beste salbuespen bat, asteroide batek eremu laiotzak baldin baditu, krater sakon bat adibidez, izotzak bertan egonkor iraungo du. Halakoak Ilargian ikus ditzakegu, bere poloetan 30-40 K-eko tenperatura duten krater sakonak baitaude.
Antzigar lerroa eguzki-sistemaren sortze-aldian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroide gerrikoaren behaketei esker jakin da eguzki-sistemaren sortze-aldian antzigar lerroa Marte eta Jupiterren artean kokatuta zegoela, gerriko hori kokatuta dagoen eremuan, hain zuzen. Asteroide gerrikoaren barnean, kanpo asteroideak C-motako gorputz izoztuak diren bitartean, barne asteroideek ur urritasun handia dute. Hortaz, esandakoa jarraituz, planetesimalen sorkuntza jazo zenean elur lerroa Eguzkitik 2,7 UA ingurura kokatuta zegoela baiezta dezakegu.[3]
Zeres planeta nanoa dugu antzinako elur lerrotik hurbilen zegoena, bere ardatzerdi handia, gutxi gorabehera, 2.77 UAkoa da eta. Zeresek, dirudienez, izotzezko mantu bat du eta baliteke, lurrazalaren azpian, urezko ozeano bat edukitzea.[6][7]
Egungo antzigar lerroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arestian esan bezala, gaur egun antzigar lerroa Eguzkitik 5 unitate astronomiko ingurura kokatzen da. Esparru horretan, batez besteko distantzia erreferentziatzat hartuta, argizagi hauek kokatzen dira:
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Hilda familiaren batez besteko distantzia orbitala aipatutakoa den arren, perihelioa 4.63 UA eta 5.24 UA bitartekoa dute, hortaz, antzigar lerrotik igarotzen dira une jakin batzuetan. Hilda familia asteroide gerrikoko familia bat da, periferikoena, hain zuzen.
- ↑ Jupiterren troiarrak, izenak dioen moduan, planetaren orbita partekatzen duten argizagiak dira, ia denak txikiak diametroari dagokionean. Beraz, haien batez besteko distantzia orbitalak Jupiterrenaren antzekoak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Structure of the Solar Nebula, Growth and Decay of Magnetic Fields an…» archive.is 2015-02-19 (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
- ↑ Podolak, M.; Zucker, S. (2004). "A note on the snow line in protostellar accretion disks by M. PODOLAK and S. ZUCKER, 2010". Meteoritics & Planetary Science. 39 (11): 1859. Bibcode:2004M&PS...39.1859P. doi:10.1111/j.1945-5100.2004.tb00081.x.
- ↑ a b Martin, Rebecca G.; Livio, Mario. (2012-09). «On the Evolution of the Snow Line in Protoplanetary Discs» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society: Letters 425 (1): L6–L9. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
- ↑ D'Angelo, Gennaro; Podolak, Morris. (2015-06-18). «Capture and Evolution of Planetesimals in Circumjovian Disks» The Astrophysical Journal 806 (2): 203. doi: . ISSN 1538-4357. (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
- ↑ Jewitt, D; Chizmadia, L.; Grimm, R.; Prialnik, D (2007). "Water in the Small Bodies of the Solar System" (PDF). In Reipurth, B.; Jewitt, D.; Keil, K. (eds.). Protostars and Planets V. University of Arizona Press. 863–878. or. ISBN 978-0-8165-2654-3.
- ↑ (Ingelesez) McCord, Thomas B.. (2005). «Ceres: Evolution and current state» Journal of Geophysical Research 110 (E5): E05009. doi: . ISSN 0148-0227. (Noiz kontsultatua: 2019-12-06).
- ↑ (Ingelesez) «The Potential for Volcanism on Ceres due to Crustal Thickening and Pressurization of a Subsurface Ocean» (PDF) Lunar and Planetary Science Conference (Noiz kontsultatua: 2019-12-06).