Hormona
Hormonak zelula batek edo zelula multzo batek odolera jariatu ondoren beste zelula batzuetan eragin fisiologikoa duten substantziak dira.
Eragina jariatutako lekutik hurbil ematen duten hormonak autokrinoak dira; eragina urruti ematen dutenak aldiz, parakrinoak.
Hormonak guruin endokrinoek jariatzen dituzte. Jariatu ondoren zirkulazio sistemaren bidez organismoko ehun guztietara heltzen dira, ehun bakoitzean eragin espezifiko bat burutuz.
Izaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormonak mezulari kimikoen taldekoak dira, neurotransmisoreak eta feromonak ere barne hartzen dituena[1]. Batzuetan zaila da mezulari kimiko bat hormona edo neurotransmisore gisa sailkatzea.
Organismo zelulaniztun guztiek hormonak sortzen dituzte, landareak barne (azken kasu horretan, fitohormona deitzen zaie).
Animalietan eta gizakietan gehien aztertzen diren hormonak guruin endokrinoek ekoizten dituztenak dira, baina ia gizaki eta animalien organo guztiek ere hormonak sortzen dituzte.
Hormonekin lotutako gaixotasunen azterketaz arduratzen den mediku espezialitatea endokrinologoa da.
Badaude hormona naturalak eta hormona sintetikoak; orokorrean, biak tratamendu gisa erabiltzen dira zenbait nahasmendutan, nahiz eta ez bakarrik horietan, haien gabezia konpentsatu edo mailak handitu behar direnean normalak baino baxuagoak badira.
Funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormonek erregulatzen dituzten funtzioak lau ataletan banatu daitezke:
- Elikagaien digestioa, erabilera eta metaketa
- Hazkundea eta garapena
- Metabolismoa eta ur oreka
- Ernalketa
Guruin endokrinoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Organismoan guruin endokrino desberdinak daude eta hauek hormona desbedinak jariatzen dituzte
Aurrehipofisia edo adenohipofisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hazkunde hormona (GH): organismo osoko zelulak eta ehunak haztea eragiten du.
- Adrenokortikotropina (ACTH): giltzurrungaineko guruinean eragiten du eta hormona adrenokortikalen jariaketa eragiten du.
- Tirotropina (TSH): bere eraginez tiroideak tiroxina eta triiodotironina jariatzen ditu.
- Hormona folikulu estimulatzailea (FSH): emakumeetan, obulazioa gertatu aurretik obulutegiak haztea eragiten du; gizonetan, barrabiletan esperma ekoiztea.
- Hormona luteinizatzailea (LH):obulazioa gertatzeko ezinbestekoa da. Obulutegietan hormona sexual emeen eta barrabiletan hormona sexual arren sintesia eta jariaketa eragiten du.
- Prolaktina: bularrak hazten dira eta esnea ekoizten dute bere eraginez.
Atzehipofisia edo neurohipofisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hormona antidiuretikoa (ADH): giltzurrunetan uraren birxurgapena handitzen du. Kontzentrazio handian aurkitzen bada, odol hodiak uzkurrarazi eta presio arterialaren igoera dakar.
- Oxitozina: erditzean miometrioaren uzkurketa eragiten du, hau da, kontrakzioak bultzatzen ditu.
Giltzurrungaineko guruina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giltzurrungaineko guruinean bi atal bereizi behar dira:
Azala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kortisola: karbohidrato, lipido eta proteinen erregulazioaz arduratzen da.
- Aldosterona: giltzurrunek sodio gehiago birxurgatu eta potasio gutxiago iraiztea eragiten du.
Muina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Katekolaminak: adrenalina, noradrenalina eta dopamina. Hauek hormonak izateaz gain neurotransmisoreak ere badira. Hormona eta neurotransmisoreen arteko desberdintasun klasikoa hormonak odolera isurtzen direla da eta neurotransmisoreak sinapsi gunera, baina substantzia batzuk bien ezaugarriak dituzte.
Tiroidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tiroxina eta triiodotironina: organismoko metabolismoa igotzen dute.
- Kaltzitonina: hezurretan kaltzioaren metaketa bultzatzen du.
Areko Langerhansen irlak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Intsulina: karbohidratoen metabolismoa kontrolatzen du. Glukosa maila odolean jaisten du
- Glukagoia: Intsulinaren antagonista da: glukosa maila odolean igotzen du.
Obulutegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Estrogenoak: emakumeengan, organo sexualak haztea eta ezaugarri sexualak garatzea eragiten dute.
- Progesterona: umetokiko fluxuaren jariaketa eta bularreko jario aparatuaren eta endometrioaren garapena bultzatzen du.
Barrabilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Testosterona: gizonengan, organo sexualak haztea eta ezaugarri sexualak garatzea eragiten du.
Paratiroidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Paratohormona: zelulaz kanpoko likidoan dagoen kaltzio kontzentrazioa erregulatzen du. Heste mehean kaltzio xurgapena areagotzen du, giltzurrunetako kaltzio iraizketa eta hezurretako irteera ere erregulatzen ditu.
Karena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Giza gonadotrofina korionikoa (GGK): haurdunaldiaren hasieraren berri ematen digun hormona da. Estrogeno eta progesterona jariaketa bultzatzen ditu.
- Estrogenoak eta progesterona
- Giza somatotropina korionikoa (HCS): fetuaren ehunak haztea eragiten du.
Hormonen sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egitura kimikoaren arabera bi talde handitan sailkatzen dira hormonak:
Hormona esteroideoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lipidoetan disolbagarriak dira eta beraien aitzindaria kolesterola da. Behar direnean sintetizatu eta jariatzen dira, ez dira metatzen. Sei talde desberdin daude:
Hormona peptidiko eta proteikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konplexutasun eta tamaina aldakorrekoak izan daitezke. Preprohormona moduan sintetizatzen dira erretikulu endoplasmatikoan, ondoren apurtu egiten dira prohormonak eratuz eta golgi aparatura garraiatzen dira. Bertan berriro apurtu eta benetako hormonak eratzen dira besikuletan metatu eta exozitosi bidez jariatuak izango direnak.
Hormonen jariaketa, garraioa eta suntsipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormona jariatzeko behar den denbora eta jariatu ondoren eragina egin arte pasatzen den denbora hormona talde bakoitzaren ezaugarria da. Adrenalinak esaterako askatu bezain laister burutzen du bere eragina eta hiru minututara suntsitu egiten da. Hormona esteroideoak askatzeko aldiz, hilabeteak behar izaten dira batzuetan eta orduak eragina sortzeko, baina efektuaren iraupena 4-6 astekoa da.
Ekoiztu diren lekutik zelula dianetaraino odolean garraiatzen dira. Hormona peptidiko eta proteikoak plasman disolbatuta eta esteroideoak disolbatu ezin direnez, plasma proteinei lotuta. Garraio proteinei lotuta dauden bitartean ez dira aktiboak hormonak, ezin baitira hartzaileari lotu.
Hormonen ekintza mekanismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormonei esker gorputzeko zonalde desberdinetako zelulen arteko komunikazioa lortzen da. Mekanismoaren lehenengo urratsa hormona eta hartzaile espezifikoaren arteko lotura da.
Hormona-hartzaile lotura bi faktoreren menpe dago. Alde batetik, hartzaile kantitatea eta bestetik, hormonarekiko hartzaileak duen afinitatea.
Hormonaren kontzentrazio eta bere ekintzaren arteko erlazioa sigmoideoa da, hau da, hormona kontzentrazio batetik gora erantzuna ez da aldatzen.
Bi ekintza mekanismo mota daude:
Bigarren mailako mezularien eredua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormona peptidiko eta katekolaminen ekintza mekanismoa da. Hormona hauek ez dira lipidoetan disolbagarriak eta beraz, ezin dute mintza zeharkatu. Ekintza burutu ahal izateko mintz plasmatikoan dauden hartzaileetara lotzen dira.
Hormona hartzailera lotzean, azken hau aktibatu egiten da. Hartzaile aktiboak mintzean dagoen proteina efektorearen aktibitatea aldarazten du eta proteina efektore aktiboak bigarren mailako mezularia sintetizatuko du. Hartzailea eta proteina mintzeko G proteina batek lotzen ditu, G proteina hori da hain zuzen proteina efektorearen aktibatzailea.
Beraz, hormona hartzaileari lotu eta hartzaileak G preoteinaren bitartez proteina efektorea aktibatzen edo inhibitzen du. Azkenik, proteina efektore aktiboak bigarren mezularia sintetizatzen du. Bigarren mezulari horiek fosforilazio prozesuen bidez eragin fisiologikoaren erantzule diren barne proteinak erregulatzen dituzte, proteina kinasak eta proteina fosfatasak hain zuzen ere.
Gen transkripzioaren erregulazio eredua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hormona tiroideo eta esteroideoek mintza proteina garraiatzailearen bidez zeharkatzen dute. Zitoplasman barne hartzaileari lotzen zaizkie. Gero, zitoplasmako hartzailetik askatu eta nukleo barnera sartzen dira, bertako hartzaileetara lotuz. Hormona-hartzaile konplexuak tamaina eta konformazio aldaketak jasaten ditu eta kromatina lotzeko gaitasuna hartzen du. Konplexua DNA -ren leku espezifikoetara lotzen da eta gen espezifikoen transkripzioa aktibatu edo inhibitzen du. Era honetan RNA mezulariaren sintesia erregulatzen da eta horrekin batera proteina kopuruaren ekoizpena.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Fanjul, María Luisa; Hiriart, Marcia (1998-01-01). Biología funcional de los animales. Siglo XXI. ISBN 9789682321368. 2019-10-16an begiratua