Tiroxina
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tiroxina | |
---|---|
Formula kimikoa | C15H11I4NO4 |
SMILES kanonikoa | 2D eredua |
MolView | 3D eredua |
Mota | konposatu kimiko |
Masa molekularra | 776,686699832 Da |
Identifikatzaileak | |
InChlKey | XUIIKFGFIJCVMT-UHFFFAOYSA-N |
CAS zenbakia | 300-30-1 |
ChemSpider | 830 |
PubChem | 853 eta 25201456 |
Reaxys | 2228514 |
Gmelin | 30660 eta 305790 |
MeSH | D013974 |
UNII | QR0BV3BRIA |
Tiroxina (T4) edo tetraiodotironina bi hormona tiroideoetako bat da; bestea triiodotironina da. Tiroideko zelula folikularrek, tirozitoek, ekoizten eta jariatzen dute.[1] Haren ekoizpena beste hormona batek, tirotropinak (TSH), erregulatzen du. Tirotropina, berriz, hipofisiak jariatzen du.
Sintesia eta erregulazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tiroxina bi tirosina aminoazidoz eta lau atomo iodoz osatutik dago. Gure gorputzak 150 mikrogramo iodo hartu behar ditu egunean elikagai eta edarietatik, tiroide guruinak hormona tiroideoak sor ditzan.[2] Hesteetan ioduro moduan xurgatzen da iodoa, tiroideak odoletik bereganatuko duena. Tiroideko zelula folikularren barnean dagoelarik, ioduroa oxidatuko da tiroperoxidasa (tpo) entzimaren bitartez. Ondoren, tirosinari lotuko zaio, monoiodotirosina (MIT, iodo bat daukana) eta diiodotirosina (DIT, bi iodo dituena) eratzeko. Tiroxina (T4) bat sortzeko bi DIT elkartzen dira, eta triiodotironina (T3) bat ekoizteko MIT bat eta DIT bat.[1]
Konposatu horiek guztiak tiroglobulina proteinari lotuta konbinatzen dira. Estimulu egokia iristen delarik, tiroglobulinatik bananduko dira hidrolisi bidez. Ondoren, T3 eta T4 odolera jariatuko dira eta, molekula garraiatzaile bati loturik, zirkulazio-aparatuan zehar garraiatuko. Hormona tiroideoen hiru garraiatzaile daude: tiroideko hormonen globulina garraiatzailea (TBG), garrantzitsuena, transtirretina eta albumina. Tirotropina (TSH) da tiroidearen funtzionamendua erregulatzen duen hormona. Hormona tiroideoen maila jaisten zelarik, informazio hori adenohipofisira iritsiko da, eta bertan TSH gehiago jariatuko. TSH horrek, berriz, tiroideko hormona gehiago jariatu dadin eraginen du.[1]
Zeregin metabolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tiroxinak prozesu katabolikoak areagotu eta bizkortzen ditu. gluzido, lipido eta proteinen katabolismoan du eragina, oxidazio prozesuak areagotuz eta energia askatuz. Horren ondorioz, organismoaren hazkuntzan ere eragin nabarmena du. Hormona honen defizitak haurtzaroan kretinismo izeneko gaitza dakar, hazkuntzaren gelditzea eragiten duena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edward Calvin Kendallek bakartu zuen 1915ean, eta Charles Haringtonek mugatu zuen haren kimika egitura 1926an.[3]
Tiroxinari lotutako patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tiroxinaren defizitak hipotiroidismoa eragiten du. Tiroidearen jarduera eskasak eragindako adimen urritasun sakonari kretinismo deitzen zaio, eta endekapen fisikoarekin batera agertzen da gehienetan. Normalean umetan azaltzen da gaitza, eta munduko leku askotan endemikoa da, OMEren arabera.[2] Kretinismoaz gain (sortzetiko hipotiroidismoa), beste hipotiroidismo mota batzuk daude, tiroxinaren ekoizpena gutxituta dutenak: jatorri autoimmunekoak -Hashimotoren tiroiditisa-, iodoren ezagatik sortutakoak, e.a.. Hipotiroidismoaren tratamendua tiroxina sintetikoa ematean datza.
- Tiroxinaren gehiegizko kontzentrazioak hipertiroidismoa eragiten du. Gravesen gaitza izan ohi da hipertiroidismoaren iturburua kasu gehienetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Arin Lakidain, Rosa Maria; Diaz Ereño, Elena. Fisiologia Medikoa ikasteko gida. 31-39. orrialdeak, Euskararen Arloko Errektoreordetzaren sare argitalpena, EHU, ikasmaterialak.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-12).
- ↑ a b Argoitia, Ainara. Munduko 54 herrialdetan iodoa falta dutela ohartarazi du OMEk. Berria egunkaria, 2004ko abenduak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-12).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.