Maryse Condé
Maryse Condé (Pointe-à-Pitre, 1934ko otsailaren 11 - Ate, Vaucluse, 2024ko apirilaren 2a) idazlea, feminista ezaguna eta Karibeko kultura afrikarraren zabalkundeko ekintzailea izan zen. Frantsesez idatzi zuen bere obra ia osoa. Horrez gain, kultur kazetaria eta irakaslea ere izan zen. Lan ugari idatzi zituen, ia genero guztietan (fikzio historikoa, ipuinak, eleberriak, saiakerak, poemak eta beste genero batzuk. 2018an Literatura Akademia Berriaren Literatura Sari Berria irabazi zuen (The New Academy Prize in Literature), urte hartan Literaturako Nobel Sariaren ordez eman zena.
Munduan ezaguna da batez ere bi lan hauengatik: Ségou (1984-1985) eta Moi, Tituba sorcière… Guadalupen eta Martinikan, berriz, ezagunagoak dira Traversée de la mangrove eta La Vie sans fards. Antzerkirako lanak ere idatzi ditu, eta gazteentzako narrazioak.
Euskaraz, Bihotz negar eta irri (Le Cœur à rire et à pleurer : contes vrais de mon enfance) itzuli zuen 2021ean Joxe Mari Berasategik, Literatura Unibertsaleko bilduman.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maryse Boucolon izenarekin jaio zen Pointe-à-Pitren, Guadalupen, zortzi senidetan gazteena, orduan sortzen ari zen “burgesia beltzaren” familia batean. Ama, Jeanne Quidal, belaunaldi hartako lehenbiziko irakasle beltzetako bat izan zen. 1950ean, bigarren hezkuntzako eskola bukatuta, Parisera bidali zuten, Fénelon lizeora lehenbizi, Sorbonako Unibertsitatera ondoren, non literatura konparatuko doktoretza egin baitzuen (1976).
Parisen ezezagun zituen hainbat kontzeptu ulertzen hasi zen: arrazakeria, kolonialismoa, kolonizazioa, identitatea, jatorria, desjabetzea, eta esklabotza, Antillletan beltzak egotearen arrazoia alegia. Negritudeaz edo beltzen izaeraz mintzo diren idazleak aurkitzen ditu. 1958an Mamadou Condé aktore ginearrarekin ezkondu, eta 1959an Afrikara abiatu zen, Frantziako Gobernuak kooperazioan hasitako bideaz baliatuz. Hortaz, frantses irakasle aritu zen Boli Kostan, Ginean, Ghanan eta Senegalen. 1966an Gineatik kanporatu zuten eta Londresera joan zen BBCn lan egitera, Afrikako zerbitzuan. Ghanara bueltatu zen, eta handik Senegalera, 1969an. 1970ean Frantziara itzuli zen. Dibortziatu ondoren, Senegalen ezagutu zuen ingeles irakasle britaniar batekin ezkondu zen 1981ean, Richard Philcoxekin; berak itzuli ditu Maryseren lan gehienak ingelesera. 1985an Fulbright beka bat eskuratu zuen Amerikako Estatu Batuetan irakasteko, eta New Yorkeko Columbia Unibertsitateko irakaslea izan da urtetan, lan handia eginez frantsesezko kultura ezagutarazten. Bertan sortu eta zuzendu zuen Frantsesezko Ikasketen Zentroa erretiroa hartu arte, 2002an.
Idazle lanaz gain, karrera akademiko nabarmena ere izan du: aipatu bezala, Columbiako Unibertsitatean hartu zuen erretiroa, frantses irakasle gisa hainbat urte eman ondoren, baina Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeley-n, UCLAn, Sorbonan, Virginiako Unibertsitatean eta Nanterreko Unibertsitatean ere lan egin zuen.
Guadalupen eta Estatu Batuetan urte batzuetan bizi ondoren Frantziara itzuli zen. Parisen, 2001ean esklabotza gizateriaren aurkako krimentzat hartu zuen Taubira legea aplikatuz sortu zen Esklabotzaren Memoriarako Batzordeko burua izendatu zuten, eta erakunde horretatik proposatu zuen esklabotza oroitzeko eguna sortzea, 2006tik aurrera maiatzaren 10ean ezarria.
2013az geroztik Proventzako Gordes herrian bizi da. Bere azken eleberria 2017ko ekainean eman zen argitara.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Condéren eleberriek arrazaren, generoaren eta kulturaren inguruko gaiak jorratzen dituzte garai historiko desberdinetan.
Ségou eleberria XIX. mendean Malin egondako Banbara inperioari buruzkoa da, eta herri haien memoriaz, harremanez eta antzinako jainkoez mintzo da. Eleberrian, Dusika Taoré afrikar buruzagiak ezin izango du galarazi familiak desegitea Banbarako erresuman eta esklabotza, erlijio berria eta kolonialismoa jasatea. Dena ikuspuntu politiko batetik kontatua, eta diaspora ezbaian jarriz.
Bere nobeletako gai nagusia herri afrikarren eta diasporaren arteko harremanak dira, bereziki Kariben, eta gai askori begirada feminista eta politiko nabarmenarekin heldu die. Alde horretatik, distantzia hartu zuen Karibeko literaturan garrantzi handia izan duten gaietatik, "belztasuna" edo "kreoltasuna", adibidez. Condé ekintzailea izan da lanean nahiz bizitza pertsonalean, eta onartzen du ezin izanen lukeela edozertaz idatzi, garrantzi politikorik ez duen ezertaz behintzat.
Izaera autobiografikoko kontakizun batzuk ditu, esate baterako, Le Cœur à rire et à pleurer : contes vrais de mon enfance (1999) eta amonaren biografia, Victoire, les saveurs et les mots : récit (2006)
Lan batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hérémakhonon (1976)
- Une saison à Rihata (1981)
- Ségou, 1 : Les Murailles de terre (1984)
- Ségou, 2 : La Terre en miettes (1985)
- Moi, Tituba sorcière… Noire de Salem (1986)
- Haïti chérie (1986)
- La vie scélérate (1987)
- En attendant le bonheur (1988)
- Pension Les Alizés (1988)
- Hugo le terrible (1989)
- Traversée de la mangrove (1989)
- Les Derniers Rois mages (1992)
- La Colonie du Nouveau Monde (1993)
- La Migration des cœurs (1995)
- Desirada (1997)
- Le Cœur à rire et à pleurer : contes vrais de mon enfance (1999)
- Célanire cou-coupé: roman fantastique (2000)
- La Belle Créole (2001)
- Rêves amers (2001)
- La Planète Orbis (2002)
- Histoire de la femme cannibale (2005)
- À la courbe du Joliba (2006)
- Uliss et les Chiens (2006)
- Victoire, les saveurs et les mots : récit (2006)
- Les Belles Ténébreuses (2008)
- Chiens fous dans la brousse (2008)
- Conte cruel (2009)
- En attendant la montée des eaux (2010)
- La Vie sans fards (2012)
- Mets et Merveilles (2015)
- Le Fabuleux et Triste Destin d’Ivan et d’Ivana (2017)
- L'Évangile du nouveau monde (2021)
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bihotzak negar eta irri. (Jatorriz Le Cœur à rire et à pleurer : contes vrais de mon enfance (1999). Erein 2021. (Joxe Mari Berasategi Zurutuza utzultzailea). ISBN. 978-8491096849
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1986: Le Grand Prix Littéraire de la Femme (Moi, Tituba...)
- 1988: Le Prix de l’Académie francaise (La vie scélérate)
- 1988: Liberatur Prize (Ségou)
- 1993: Puterbaugh Prize
- 1997: Prix Carbet de la Caraibe (Desirada)
- 1999: Marguerite Yourcenar Prize (Le coeur à rire et à pleurer)
- 2001: Commandeur de l'Ordre des Arts et des Lettres, Frantziako Gobernuak emana
- 2004: Ohorezko Legioaren Ofiziala
- 2005: Hurston & Wright Legacy Award (Who Slashed Celanire's Throat?)
- 2007: Prix Tropiques (Victoire, les saveurs et les mots)
- 2012: Prix Fetkann (La vie sans fards).
- 2018: New Academy Prize in Literature
- 2019: Grand-croix de l'ordre national du Mérite
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bereziartua, Gorka. (2022-02-01). «Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-02).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Maryse Condéri buruzko lanak Open Library-n
- http://ile-en-ile.org/conde/
- Karibeko Mediatekako Maryse Condé Funtsaren aurkezpena, Maryse Condéren liburutegi pribatuko lanak archive
- Artikulu hau Wikipediako beste hizkuntzetan dauden «Maryse Condé» artikuluen itzulpenekin osatua da.