Edukira joan

Pony Express

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pony Express Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatzen zituen posta-zerbitzu azkarra izan zen. Missouri ibaian hasi eta Pazifikoko kostalderaino iristen zen. Martxan izan zen 1860ko apiriletik 1861eko azarora. Gutunak zaldiz eraman ohi ziren belaze, basamortu eta mendietan zehar. Horrela, postak Atlantikoko kostatik Pazifikoraino iristeko behar zuen denbora 10 egunean gutxitu zuen.

Ibilbide motzagoa eta, diligentzien ordez, zaldizkoak erabiltzean, Pony Expressen sortzaileek zerbitzu azkarrago eta seguruagoa emateaz gain, Gobernuarekin kontratu esklusiboa lortzea espero zuten.

Pony Expressek sistema bateratu transkontinental bat eraiki eta urte guztian zehar funtziona zezakeela frogatu zuen, lehenago ezinezkoa zirudien zerbait. Lehenengo telegrafo transkontinentalak eta lehenengo burdinbide transkontinentalak ordezkatu zutenean, Pony Express mendebalde urruneko legenda bihurtu zen[1].

2006an, United States Postal Servicek Pony Express izena erregistratu zuen.

Pony Expressen ibilbidearen mapa, 1860

Pony Express Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren hasiera baino urtebete lehenago hedatu zen eta Mendebaldearekiko komunikazio azkar eta seguru baten beharraren isla izan zen.

1845ean, James K.Polk presidentearen mezu batek Mendebaldera iristeko 6 hilabete behar izan zituen. Garai haietan, mezuek Hego Amerika ertzetik Suaren Lurraldean barrena edo Panamako istmoa zeharkuz bidaiatu behar izaten zuten.

1860an, biderik azkarrena Butterfield Stageko linea zen, El Pason (Texas) barrena, eta 25 egun irauten zituen. Iparraldeko bide edo bide zentraletik bidaltzea ia 950 km motzagoa suertatzen zen. Baina, neguan, elurra zela eta, ez zen erraza hauek gurutzatzea.

Esaten denez, 1854an, Russell, Majors and Waddell enpresako langile zen Benjamin Franklin Ficklin izan zen ibilbide azkarrago baten proposamena egin zuena eta Kaliforniako senatari zen William M. Gwini egin zion.

Russell, Majors & Waddell enpresak Mendebalderako hainbat bide hornitzen zituen, esate baterako, Oregoneko errepidea (Oregon Trail) eta Santa Ferako bidea (Santa Fe Trail) gainera konplexu handi batean egiten zuen lan, West Bottomsen, Kansas Cityn (Missouri) esaterako. Era berean, enpresak Fort Leavenworth (Kansas) baseko armada ere hornitzen zuen.

1857ko urrian, Russell, Majors eta Wadell hondamendi ekonomikotik oso gertu zeuden Lot Smith eta bere Nauvoo legioak Utahko gerran 54 bagoi suntsitu ostean. Gudarosteak ez zien galeren dirua itzuli eta konpainia sarrera iturri berrien bila hasi zen. 1859an Ben Holladay, Lavenworth eta Salt Lake Cityren artean mezularitza zerbitzua ezartzeko kontratua eskuratu zuten.

1860ko urtarrilaren 27an William Hepburn Russellek enpresari adierazi zion Gwin senatariak errepide zentraletik Kaliforniako mezularitza zerbitzurako kontratu bat babestuko lukeela baldin eta frogatzen bazen mezuak 10 egunetan iritsiko zirela eta errepide hori prest egongo zela apirilerako. Leavenworth & Pikes Peak Express konpainiaren izena aldatu zuten Central Overland California and Pikes Peak Express Companyra kontratua lortzeko intentzioarekin.

Hannibal & St. Joseph Railroad 1859an hasi zen lanean, Missouri gurutzatzen zuen lehenengo burdinbidea izanik. Leavenworthetik 48 km-ra zegoen Missouri ibaiaren arroa jarraituz. Orduan erabaki zen, hau, Kaliforniarantz joango zen mezularitza ibilbide azkar baten abiapuntua izango zela.

Alexander Majors eta Ficklinek 3106 km-tan zehar 190 euskarri puntu eraiki zituzten, St Josephetik Sakramentora, 50 zaldizko kontratatu eta 500 zaldi eskuratu zituzten. Lana garaiz amaitu eta, 1860ko apirilaren 3an ireki zuten. Ficklinek Russelekin izan zuen haserre baten ondorioz, negozioa utzi egin behar izan zuen 1860ko uztailean. Honen ondoren, Pacific Telegraph Companyaren taldekideetako bat izatera pasatu zen.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehenengo bidaian eraman zuten eskutitz bat

Pony Expressen geltokiak 16 km-ro zeuden banatuak ibilbidean zehar, gutxi gorabehera zaldi batek lauhazka handian korri dezakeen distantzian. Geltoki bakoitzean, zaldunak zaldi berri eta fresko bat hartzen zuen eta zakua zaldiaren zerran ezartzen zen, zaldunaren pisuaz mantentzen zelarik. Zaldiak guztira 75 kg zamatzen zituen. Zaldunek ezin zuten 56 kg baino gehiago izan eta, 120-160 km-tik 120-160 km-ra, ordezkatzen zituzten.

Majorek 400 zaldi baino gehiago lortu zituen proiekturako, batez beste 1,47 m-ko altuera eta 410 kg-ko pisua zutenak, hortik datorkio pony izena.

Frank E. Webner, Pony Expesseko zaldunetako bat, 1861 inguruan

Ibilbideak Oregoneko (Oregon Trail), Mormoneko (Mormón Trail) eta Kaliforniako (California Trail) errepidearen ibilbide bertsua jarraitzen zuen. Missouri errepidea St Josephen gurutzatu ondoren, US36 errepide modernoan barrena jarraitzen zuen (Pony Expressen Autopista) Marysvilleraino (Kansas), non, bertan, iparraldera biratzen zuen Little Blue ibaiaren arroa jarraituz, Fort Kearneyraino, Nebraskan. Nebraska alderik alde gurutzatu ondoren, Platte errekaren arroa jarraitzen zuen Corthouse Rock, Chimney Rock eta Scotts Bluffetik pasatuz eta Kolorado Julesberg ertzetik pasatuz Fuerte Laramiera iritsi baino lehen, Wyomingen. Bertatik Sweetwater erreka jarraitzen zuen, Independence Rock, Devil's Gate eta Split Rocketik pasatuz, Fort Casparreraino South Pass-en barrena Fort Bridgereraino eta, gero, Salt Lake Cityra. Great Basin, Utah-Nevadako basamortua gurutzatzen zuen Tahoe lakutik gertu, Sakramentora iritsi baino lehen. Garai haietan, mezuak lurrunontzietan bidaltzen ziren Sakramento ibaian zehar, San Frantziskoraino. Lurrunontziak erabiltzerik egon ez zen aldi bakanetan, zaldunek eraman ohi zituzten mezuak Oaklanderaino (Kalifornia).

Lehenengo bidaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehenengo zaldunak: "Billy" Richardson, Johnny Fry, Charles Cliff, Gus Cliff

Bidaiak programatua zeuden aldi berean has zitezen San Frantziskon eta St. Josephen 1860ko apirilaren 3an, baina ekialdeko ibilbideak publizitate handiagoa izan zuen. Ez zaigu lehenengo zaldunen irudirik geratu [2].

Mendebaldeko konexioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorketik eta Washingtonetik bizkar-boltza zeramaen mezulariek konexio batean huts egin zuten Detroiten eta, bi ordu geroago iritsi ziren Hannibalera (Missouri). Ferrokarrileko langileek burdinbidea libratu eta Missouri zeritzon lokomotora berezi bat prestatu zuten. Bagoi bakarra zuen eta 332 km denbora errekor batean egitea ahalbidetu zuen. Era horretan, trenak 4 ordu eta 51 minutu bakarrik behar izan zituen ibilbidea egiteko —batez beste 64 km/h-. Lehenengo zakuak 49 gutun, 5 telegrema pribatu eta San Frantzisko eta erdibideko puntuetako dokumentu batzuk zituen.

St. Josepheko alkateak, M. Jeff Thompsonek, William Russellek eta Alexander Majorsek hitzaldiak esakini zituzten motxila entregatu baino lehen. Gaur egun, lehenengo zalduna zein izan zen zalantzan dago[3].

Bidaia arratsaldeko 07:14an hasi zen. Pony Expressen lehen ibilbideak ikuiluetatik Missouri ibaieko ferryraino zeuden 800 m-ak hartzen zituen, Jules Street ondoan. Uste da Johnny Fry izan zela mendebaldeko konexioko benetako zalduna. Zama garraiatu zuen ferrytik Elwooderaino. Zaldi gainean zeharkatu zuela ibaia esaten bada ere, badirudi, ez zela horrela izan eta beste zaldi bat lortu zuela beste aldeko ikuilu batean, Senecaraino zaldiz joan zelarik. Era berean, apirilaren 14an, Fryk eraman zuen lehen korreoa, San Frantziskotik St Josepheraino.

Johnson William Richardsonek zakua ferryraino eraman zuela uste da. Anaia omen zen ikuiluez arduratzen zena eta horrek ezarri omen zion zama zaldiari. Richardsonek ez zuen berriz Pony Expresserako lan egin.

Ekialdeko konexioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uste da Sakramentora zihoan Antelope lurrunontzian bidaiatu zuen James Randall izan zela San Frantziskoko telegrafoen ofizinatik irten zen lehenengo zalduna.

Goizaldeko 02:45ean William (Sam) Hamilton izan zen Sakramentotik irten zen lehen zalduna.

Buffalo Bill

Ulysses S. Grant koronelaren lehenengo egitekoa Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean Hannibal & St. Joseph Railroad eta Pony Express babestea izan zen. 1861ean, enkargu honen ondoren, Grant brigadier general mailara igo zuten.

Gerra Paiuetan zehar geltoki askok segadak eta erasoak izan zituzten.

Nahiz eta Pony Expressek errepide zentrala bideragarria zela frogatu, Russell, Majors eta Waddellek ez zuten ibilbide horretan zehar mezularitza sistema ezartzeko kontratua lortu. Hala ere, kontratua 1861ean Ben Holladayri eman zitzaion, Butterfiels Stagearen gaineko kontrola hartu zuena. Holladayek Russell, Majors eta Waddelen geltokien gaineko eskubidea hartu zuen bere zalgurdiak hornitzeko. 1861eko martxotik aurrera, Pony Expressek Salt Lake City eta Sakramentoren artean bakarrik banatuko zituen mezuak. 1861eko urriaren 24an, Pony Expressek bere itxiera adierazi zuen, lehen telegrafo transcontinentalaren mezua Salt Lake Cityra iritsi baino bi egun geroago. Azkeneko bidaia 1861eko azaroaren 21ean egin zen.

Pony Expressek 90.000 $ irabazi eta 200.000 $ galdu zituen. 1866an, Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren amaieraren ondoren, Holladayek Pony Expressen egoitza guztiak Butterfield Stagearen gainerako gauzekin batera saldu zizkion Wells Fargori, milioi eta erdi dolarren truke.

Markak eta logotipoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wells Fargok Pony Expressen logotipoa erabili zuen bere kotxe blindatuentzat. Logotipoa erabiltzen jarraitu zuen 1990ean negozioa beste enpresa batzuk erosi zuten arte. 2001ean Pony Expressen logotipoa erabiltzeari utzi zitzaion seguridade konpainietan, konpainiaren azkeneko salmentaren ostean.

2006ko ekainean, United States Postal Servicek adierazi zuen Pony Express marka erregistratu zuela Air Mail-ekin batera.

Sakramento, Stateline, Reno, Salt Lake City, Casper, Julesburg, Colorado, North Kansas City eta St. Josephen badaude estatuak Pony Expressen omenez. Famatuena 1940ko apirilaren 20an St. Josephen inauguratu zena da. Hermon Atkins MacNeilek egina izan zen. Hall City Parken dago. Hiriak alde batera utzi ditu eskultura ikuiluen ondoan dagoen parke batera eramateko proposamenak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]