Edukira joan

Uganda Eskema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Theodore Herzl
Theodore Herzl

Uganda Eskema Ekialdeko Afrika Britainarraren zati bat herri juduari emateko plan bat izan zen, bertan finkatu zitezen. Theodor Herzl sionistaren babesa izan zuen planak. Zonaldea antisemitismotik ihesean zebiltzan judu europarrentzat denboraldi baterako babeslekua izatea zuen helburu planak.[1]

Joseph Chamberlain idazkari koloniar britaniarrak egin zien lehen aldiz Theodor Herzl-en sionista taldeari 1903. urtean. Chamberlainek Erakunde Sionistaren asmoak ezagutzen zituen, eta Afrika Ekialdera aurreko urtean bidaiatu zuenean bere buruan zituen. Chamberlainek bere bidaian adierazi zuenez, "Herzl doktoreak bere saiakerak Afrika Ekialdera aldatzeko disposizioa balu, kolonizatzaile juduentzako lurzorua aurkitzeko zailtasunik ez litzateke izango".[2] Theodor Herzli Chamberlain Israel Zangwillek aurkeztu zion 1903ko udaberrian, Kishineveko pogromoen hasieraren aste batzuk ondoren.[2]

Mauko mesetako 13.000 km²ko lurraldea zegoen eskaintzaren barne, gaur egun Kenyako lurraldea den tokian.[3] Errusiar Inperioar juduen aurka eman ziren progromei emandako erantzuna izan zen, eta zonaldea herri juduarentzat babeslekua izan zitekeela pentsatzen zen.[4]

Ideia 1903an Basilean ospatu zen seigarren Kongresu sionistan aurkeztu zen. Gaia sutsuki eztabaidatua izan zen. Afrikako lurra "Agindutako Lurraldearen bezpera" eta "Nachtasyl" (aldi baterako gaueko aterpea) gisa deskribatu zen. Hala eta guztiz ere, beste talde batzuek uste zuten eskaintza onartzeak etorkizunean Palestinan estatu judu bat ezartzea zailduko zuela. Botoa eman baino lehen, Errusiako delegazioak planaren aurkako oposizioa sutsuki adierazi zuen. Azkenean mozioa onartu egin zen, 295 boto alde eta 177 boto kontra jasoz.

Hurrengo urtean hiru gizonen ordezkaritza bidali zuten meseta ikuskatzeko. Bere altuerak klima leuntzen zuen, egokia eginez europarrentzako kokaleku bat ezartzeko. Hala ere, behatzaileek lehoi eta beste izaki basati batzuek bizi zuten lur arriskutsua aurkitu zuten. Horrez gain, zonaldean masai populazio handiak bizi ziren. Masaiek ez zuten begi onez ikusten europarrak haien lurretan ezartzea.

Bidaia-txostena aztertu ondoren, Kongresuak 1905. urtean britainiarren eskaintza bertan behera uztea erabaki zuen, era adeitsuan. Judu batzuek erabaki hau okertzat jo zuten eta Jewish Territorialist Erakundea banatu egin zen. Zatietako batek estatu judu bat edonon sortzeko helburu zehatza zuen, ez zehazki Lurralde Santuan. Zenbait familia judu Kenyara joan ziren bizitzera, eta horietako batzuen oinordekoek oraindik ere bertan jarraitzen dute. 1904ko espedizioaren istorioa, Uasin Gishuko estatu juduaren asmatutako irudikapen batekin batera, Lavie Tidharren "Uganda" eleberrian kontatua dago, 2007ko bere HebrewPunk bilduman.[5]

Saiakera berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran, Winston Churchillek Uganda proposamena berpiztu zuen nazietatik ihesi zeuden juduentzat babesleku bat sortzeko saiakera gisa. Baina ordurako erakunde sionistek argi zuten Palestinan finkatu nahi zutela eta beldur ziren britainiar proposamena onartzen bazuten, britainiarren babesa lortzeko saiakerak kaltetuko zituela uste zuten, Palestinako Britainiar mandatura emigratzeko zeuden judu kopuru mugarekin bukatzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) The Uganda Proposal (1903). (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  2. a b (Ingelesez) Rovner, Adam. (2014-12-12). In the Shadow of Zion: Promised Lands Before Israel. NYU Press ISBN 9781479817481. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  3. (Ingelesez) Telushkin, Joseph. (1991-04-26). Jewish Literacy: The Most Important Things to Know About the Jewish Religion, Its People, and Its History. HarperCollins ISBN 9780688085063. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  4. (Ingelesez) Theodor (Binyamin Ze’ev) Herzl. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).
  5. Lavie Tidhar, "Uganda," Flurb #5. (Noiz kontsultatua: 2018-01-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]