Edukira joan

Euskal Herriko Laborantza Ganbera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Omenaldia Mixel Berhokoirigoini, hil eta urtebetera Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzaren aurrean

Euskal Herriko Laborantza Ganbera[1] edo Ganbara[2] (EHLG) Ipar Euskal Herriko nekazariak eta abeltzainak biltzen dituen organoa edo ganbera da. 2005eko urtarrilaren 15ean Ainhize-Monjolosen sortu zuten[3], 20 bat urtez aldarrikatu ondoren, Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak batez ere bultzatuta. Ganberak Beñat Molimos eta Francis Poineau ditu lehendakari[4]; Mixel Berhokoirigoin kide ezagunaren segida hartu zuten 2015ean[5].

Agintari frantsesak ganberaren aurka egon dira oro har, Pauen egoitza nagusia duen departamendu mailako Chambre d'Agriculture[6] delakoa nahikoa ikusten zutelako; aldiz, EHLG aspalditik bultzatzen dutenek argi dute Ipar Euskal Herriko laborantzaren arazo eta berezitasunei aurre egiteko ezinbestekoa dela egitura hori antolatzea, baita laborari txiki eta ertainen alde aritzea ere.

Baionako prokuradoreak Laborantza Ganbera auzipetzea erabaki zuen 2008ko irailean, erakunde ofizial baten izena erabiltzeagatik[7]. Hala ere, aitorpen ofizial bat jaso zuen 2008ko azaroan, Akitaniako Kontseiluaren dirulaguntza eskuratu ahal izango zuela iragarri baitzen[8]. Baionako auzitegiak errugabe jo zituen, bai zuzendaria bai Ganbera, 2009ko martxoaren 26an[9]. Hala ere, prokuradoreak dei auzia egin zuen eta epaiketa berri bati aurre egin behar izan zioten, 2010eko otsailaren 18an kasu honetan Paueko epaitegian; azken ebazpena maiatzaren 6an atera zen, behin betiko errugabetuta[10]. Harrezkero erabat legezko egitura da.

Hilabete lehenago bere bosgarren urtebetetzea ospatu zuen arrakasta handiz Ainhizen. Bost urtetan 2.000 bat esku-hartzetan 1.100 laborari ingururi laguntza eskaini die, Ipar Euskal Herriko herena. 2005eko aurrekontua 180.000 eurokoa izan zen eta 2010ekoa 500.000koa; instituzioek emandakoa baino gehiago dohaintzek suposatzen dute eta "EHLGko Lagunak" izeneko elkarteak bideratzen ditu batez ere. 2005ean 3 langile izatetik 2010ean aurreikusten diren 10 langile izatera pasa da[11].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko otsailean Le livre noir du harcèlement d'Euskal Herriko Laborantza Ganbara par les pouvoirs publics eta l'administration edo Jazarpenaren liburu beltza 700 orrialdeko liburua atera zen frantsesez, geroago euskarazko laburpena sarean jartzeko asmoz[1]. Interneten hemen[Betiko hautsitako esteka].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Albistea[Betiko hautsitako esteka] Berrian.