Edukira joan

Mixel Berhokoirigoin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mixel Berhokoirigoin

Bizitza
JaiotzaGamarte1952ko abuztuaren 16a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaGamarte, 2021/05/07 (68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaria
Jasotako sariak

Inguma: mixel-berhokoirigoin

Mixel Berhokoirigoin[1] (Gamarte, 1952ko abuztuaren 16a - ibidem, 2021eko maiatzaren 7a) Ipar Euskal Herriko laborari militantea izan zen. ELB sindikatuaren sortzaile eta erreferentzia nagusietakoa eta 2005ean sortu zenetik Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea izan zen.[2][3][4]

Bere arloan zuen eraginagatik Ipar Euskal Herriko pertsonarik inportanteenen artean aipatzen dute sarritan[5]. Euskal Herriko José Bové deitu izan diote, bai bere ohorerako bai bere kontra aritzeko.[6]

Bakegileak, Biarritz, 2019-06-08

Bakegileak taldeko kidea zen eta 2016ko Luhusoko ETAren armagabetze-ekintzan parte hartu zuen. Euskal presoen aferan, Frantziako Gobernuarekiko harremanetan sartu ziren artekari nagusienetako bat izan zen.[7][8][3]

Laboraria (1999)[3]

Gamarte jaioterriko Uhartia baserrian[9] esne-ekoizpenean aritu izan da 30 urte baino gehiago. Gurasoen segida hartu zuen, laborari. Orduan hasi zen xendra berrietatik pasatzen: laborantza eskolan sartu zen, amak akuilaturik. Hazparnen (Lapurdi) egon zen, eta han izan zuen lehen esperientzia militantea.

Laborarien egoera izugarrizko tristea zen bera gaztea zenean, krisi sakon bat 1955tik 1965a arte iraun baitzuen. Ainitz sortze bazen, baina ez zen enplegurik. Orduan, tokiko jendeak lekutu behar zuen. Neskak joaten ziren neskato (sehi) hirietara, bereziki Bordelera eta Parisera, mutikoak aldiz, saldoka, Kaliforniara artzain bezala. Herrian gelditzen zirenak ez ziren hobeki, etxean gelditzen zirenetan anitz geratu ziren donado. Hainbat baserri hustuta zeuden, adibidez, Eñaut Etxamendik kontatzen zuen Bithiriñan 1967an, 14 etxaldeetan mutil zahar bat bazen, segidarik gabe. Etxamendik egoera negargarri hura kantatu zuen Bidez bide abestian. [10][11]

1968ko maiatza ikasketetan zela ezagutu zuen. Urte hartan, greba eguna egin zuten ikasleek, eta ordezkaritza bat osatu irakasleekin negoziatzeko.[12]

Nekazaritzako ikasketak egin zituen Berhokoirioinek. Ipar Euskal Herriko beste militante batzuen gisara, MRJC Euskaldun Gazterian jaso zuen bere formakuntza politikoaren zati handi bat Gamarteko laborariak.[13] [14][15] ELBko eledunik ezagunena izateaz gain Confédération Paysanneko idazkari nagusia ere izan zen.

Uhartia etxaldearen lanak Iñaki bere semearekin konpartitzen zituen[16]. Esnekiez gain kiwai edo "Siberiako kiwien" landaketa[17][18] eta Done Jakue bidearekin lotutako zerbitzu alternatiboak ere bultzatzen zituen[19].

Euskal Herriko Laborarien Batasunaren sortzaileetako bat (ELB)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ELAko Elorrieta LABeko Díez eta ELBko Berhokoirigoin (2000)

Ipar Euskal Herriko laborari txikien aldeko lanean aspalditik konprometitu zen; FDSEA sindikatu nagusi ofizialak zeraman ildoarekin ados ez zeuden beste laborari batzuekin batera 1982an Euskal Herriko Laborarien Batasuna sortu zuten (ELB). Harrezkero sindikatu berriarekin alde batetik nekazaritza-eredu oldarkorraren kontra borrokatu nahi zuten, garapen iraunkorraren alde jo eta bestetik Ipar Euskal Herria onartuko zuen arloko egitura bat sortzearen aldeko jarduna bultzatu dute.[13]

ELB sorturik ere, Berhokoirigoinek argi omen zuen laborantza ganbera ezinbestekoa zela Ipar Euskal Herriarentzat eta garapen instituzionalarentzat. ELA sindikatuak eta Manu Robles Arangiz fundazioak laguntza ekarri zuten proiektu hura aitzinera eramateko. Alta, oztopo anitz izan zituzten: orduko prefetak laborantza ganbera ilegalizatzeko mehatxua egin baitzion. Baina, hor ere, aitzina segitu zuen Berhokoirigoinek EHLG sortu arte. Auzitan pasatu zen, eta, gerora, zuritu zuten. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria izango zena zuten abokatu. Etxegarairen ustez: «Haren kontrako karguen gainetik aitzina segitu zuen, buruan izanez EHLGk Ipar Euskal Herriko paisaia instituzionalean ukanen zuen lekua».[12]

Laborantza Ganberarako hauteskundeetan behin baino gehiagotan ELBko zerrendaburua izan zen eta hauteskunde deialdi bakoitzean boto kopurua handituz joan zen: 2001ean estreinakoz Ipar Euskal Herriko lehen sindikatua bilakatu zen (1.936 boto, % 51,16; departamenduan % 24) FDSEAren aurretik (1.714, % 45,30). Botoa eman zutenak % 68 izan ziren Ipar Euskal Herrian eta % 53 Bearnon.

2007an ere ELBren zerrendaburua izan zen Bihar ere laborari lelopean[20]; ordurako gamartearra EHLGren presidentea zen.

Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea (EHLG)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko Laborantza Ganbaran (2012)[3]

2005ean sortu zenetik Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea izanik, Berhokoirigoin izan da erakunde honen kontra frantses estatuak (departamenduko prefeta urte berean jarritako kexuari segituz) bultzatu zuen salaketa judizialaren protagonista nagusia[21].

2008ko irailean Baionako prokuradoreak auzipetzea erabaki zuen. 2009ko martxoan lehen aldiz errugabetuta atera zen eta 2010eko otsailean bigarren epaiketa batetik behin betiko errugabe.

Batera-ko kide eta bozeramailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantzari buruzko borrokan ez ezik, politikoan ere engaiatu zen Berhokoirigoin garai hartan. Batera-ko kide izan zen urte luzez, eta euskal departamentuaren eskariari lotuta aritu zen, baina 2010eko hamarkadan, departamentua lortzeko ezintasun trabatuaren aurrean, lurralde elkargo bat sortzeko proposamena eta prozesua ere bertatik bertara ezagutu zituen. 2012ko irailean Batera-ko bozeramaile gisa, azaldu zuen lurraldea egituratze aukera hura zela, eta baliatu behar zela, lurralde-antolaketaren trena huts egiten bazuten, historiatik at geldituko zirela. Ordurako departamendua zaharkitua zen eta Ipar Euskal Herriak gaindituta zuen eredu hori, eskumen gehiago behar zituela, azaltzen zuten orduan. Euskal Hirigune Elkargoa sortuko zen geroztik horrela 2017an, Ipar Euskal Herri osoaren lehen instituzioa.[15][22]

Artikuluak eta hitzaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikuluak oso esparru ideologiko zabaleko prentsa orokorrean edota espezifikoan idatzi zituen.[23][24] Laborantzaz, ekologiaz, eta ekonomiaz idatzi zituen hiru artikulu hauek aipagarriak dira:

  • 2006: Landa eremuak hiriaz duen ikuspena, Itun Soziala. Eusko ikaskuntzaren kongresuak
  • 2008: Laborantza iraunkorra: gizarteak behar duen laborantza   IeZ
  • 2015: Laborantza, sindikalgintza, herrigintza: Iparraldeko esperientzia. JAKIN
Berhokoirigoin (2002)

Arlo literarioan ere idatzi zuen, esaterako Gaztain-xiloa kontakizun laburra Ibinagabeitia Proiektuan, Maiatz aldizkariak argitaratua.[25]

« «Gaztain-xiloa» izena duzu... Garazi, Baigorry edo Xuberoko baserri ttipixka bat zinen... Zinela diot, ezen orain, ez baizira. Ez zira gehiago deus... Izaite ekonomikorik ez duzunaz geroz, EZ ZIRA!.... eta kitto!

[...]

»

Mixel Berhokoirigoin (Maiatz, 6. Garazi, 1984-apirila)[25]


Baionan (2010)

Laborantzaz, ekologiaz, soziologiaz, eta gizarte mugimenduez hainbat hitzaldi eman ditu, besteak beste hauek Udako Euskal Unibertsitatean:[26][27]

  • 1997:   Prezioen politika berria: Quantum finantzieroa.
  • 1999:  Iparraldeko nekazaritza ekoizpenen sarrerak eta irteerak.
  • 2005:   Kontraboterearen sareak Ipar Euskal Herrian.
  • 2005:   Sarrera hitzaldia: Euskal Herriko Laborantza Ganbara, zergatik eta zertarako.
  • 2012:   Nekazaritza iraunkorraren oinarriak.
  • 2014:   Agroekologia, nekazari sindikalgintza eta herri ekimen.
  • 2016: Burujabetza eraikitzen ari gara eguneroko bizitzatik (EHLG).[28]

Antzerkilaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

70eko hamarkadan Lakarran eta Ainhize-Monjolosen Hiruak Bat elkartea sortu zuen Berhokoirigoinek beste hainbatekin batera, gazteak interesatzeko hainbat antzerki sortuz. Arño Oxandabaratz, harekin antzerkian aritu zenaren arabera: «Usu rol nagusia zuen, ona baitzen biziki». Matalazena egin zuen behin.[12]

2019ko agorrilean ikusgarri bat egin zuten bere parte hartzearekin. Herria biziarazteko dinamikan onartu zuen. Jendeak ez zuen bere alde hori ezagutzen.[13]

Bakegileak eta 2017ko armagabetzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
(2017)

Bakegileak (edo Bakearen artisauak) Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko ekintzailez eta sindikalistaz osatutako talde bat da, 2017an ETAren armagabetzea lortzearren aurreko urtetik hasita bitartekaritza lanak egin zituena, Espainiako eta Frantziako Gobernuen jarreraren aurrean. Kideak oso ezagunak ziren Ipar Euskal Herrian, bakearen aldeko mugimenduetan parte hartzen baitzuten, eta ez zuten ETArekin eta Gobernu horiekin inolako loturarik. Mixel Berhokoirigoin-ekin batera beste hauek izan ziren hasierako erreferentziazko pertsonak:[29][30]

  • Jean Noel Etcheverry (Txetx Etxeberri): Demo eta Bizi mugimenduetako kidea. Euskal Herriko Laborantza Ganberako fundatzailea.
  • Michel Tubiana: Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea. Luhuson izandako bileran egotekoa zen, baina iritsi ez zenez, ez zuten atxilotu.
  • Beatrice Molle-Haran: Mediabaskeko kazetaria eta Radio Euskadiko berriemaile ohia. Atxiloketak egin zituzten etxearen jabea zen.
  • Stephane Etxegarai: Luhusuko bilera grabatzeko prest zegoen freelance kameraria.

2011ko urriaren 20an ETAk borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuen. ETAk prozesu ordenatu, egiaztagarri eta segurtatu baten bidez armagabetzeko borondatea agertu zuen. Bost urtetan zehar zenbait urrats egin zituen ETAk: armagabetzeari ekin zion 2014ko otsailean, nazioarteko batzorde bati arma kopuru txiki bat emanez; 2014ko martxoan armategien zigilatzeari hasiera eman ziola iragarri zuen; eta bere egitura militarrak deseginda zituela adierazi zuen 2014ko uztailean; beti ere aldebakartasunean, gobernuekiko inolako harremanik izan gabe. Espainiako eta Frantziako gobernuek ez zuten armagabetzearen prozesuan parte hartu nahi izaten. ETAk armagabetzeko propio izendatutako egiturak desegin zituzten gobernu horiek eta haien arduradunak behin eta berriz atxilotu zituzten gobernu biek; armategiak bildu eta zigilatzeko mugimenduak oztopatuz; edo are armen lehenengo entrega egiaztatu zuten nazioarteko begiraleak epaitegietara eramanez erantzun zieten ETAren mugimenduei bost urte horietan.

EHLGk hamar urte bete zituenean utzi zuen Berhokoirigoinek presidentetza. 2015eko hondarra zen, eta ordurako Euskal Herrian gatazkaren konponbide prozesuan aldaketa sakonak gertatzen ari ziren. ETAren desegitea trabatuta zegoen, eta haren armategiaren zati bat desegiteko ekintza herritar bat eratu zen: Luhusoko taldea.

2017ko apirilaren 8an goizeko bileraren berri emateko prentsaurrekoa (irudiaren iturria: Argia, Dani Blanco).

Harremanetan jarri ziren ETArekin, eta beren burua eskaini armagabetze prozesua aurrera eramateko. Hartu eman horien ondorioz, ETAk “jendarte zibilaren esku” utzi zuen armagabetzea. Luhuso herrian ETAren armak suntsitzeko prestatu zuten tailerra. Baina, 2016ko abenduaren 16an, Poliziak atxilotu zituen. Aske utzi zituzten aurki, eta Bakearen artisau izendatu zituzten atxilotuak orduan, jendartean babes handia lortuta.[31] Atxilotu eta berehala, elkartasun mezuek ez zuten etenik izan, eta asko ziren Frantziako eta Espainiako gobernuek emandako hasierako bertsioa gezurtatu zutenak. Izan ere, ETAren aurkako kolpe gisa aurkeztu zuten polizia-operazioa bi herrialde horietako Barne Ministerioek eta zenbait kazetak. Baina bost atxilotuek utzitako frogek beste panorama bat azalarazi zuten; atxilotuek, gizarte zibileko kide gisa, atxiloketak gertatu baino lehenago prest agertuak baitziren idatziz ETAren armagabetze prozesua aurrera eramaten laguntzeko. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratu behar zuen prozesua, eta armak suntsitzen zituztela berretsi. Horren erakusle zen atxilotuetako hiruren eta ETAren arteko korrespondentzia. Gutun horietan irakur zitekeen ETAren armagabetzeko borondatea, eta Luhusoko operazioan atxilotuena, bide horretan laguntzeko. Izan ere burutzen ari ziren ekintzak haien atxiloketa ekar zezakeelakoan prest utziak zituzten zenbat dokumentu, poliziak esku hartuz gero argitaratuak izan zitezen. Baionan 4000 lagun inguru elkartu ziren operazio poliziala salatzeko eta «bakegileei» (izen hori hasi zen erabiltzen egun haietan) elkartasuna adierazteko. Akitania eskualdeko osoko bilkuran, berriz, zazpi hautetsik atxilotuen aldeko ohar bat irakurri zuten, eta Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko presidenteak ere bat egin zuen. Eta ardura hartu zuen deklarazio ofizial hori Frantziako lehen ministroari eta Justizia ministroari igortzeko. Andde Sainte-Marie, Mathieu Berge, Alice Leiziaguezahar, Emilie Dutoya, Michel Veunac, Frederic Espagnac eta Sandrine Dervillek izan ziren adierazpenaren zazpi sinatzaileak.

2017ko apirilaren 8an Bakegileek planteamendua jendaurrean azaldu zuten unea, Baionan (irudiaren iturria: Argia, Dani Blanco)

Armagabetzea lortzeko hasitako bidea amaitzea lortu zuten gero, 2017ko apirilaren 8an egiaztatu ahal izan zen bezala: ETAk armak utzi zituen. Libre geratu zirenean, eta gizarteko babes handiagoarekin, berriro ekin zioten armagabetze-prozesuari, nahiz eta haien aurkako akusazioak (erakunde armatu batekin harremanak izatea eta armak eduki eta garraiatzea) epaitegietan indarrean jarraitu. 2016ko abenduaren 23an, Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik baino gehiagok (eskuindarrak, ezkertiarrak, ekologistak, abertzaleak...) armagabetze prozesuan eta konponbide globalean inplikatzeko eskatu zioten Frantses Gobernuari.[32][33]

Handik hiru hilabetera, 2017ko martxoaren 17an, gainerako arma guztiak apirilaren 8an entregatuko zituztela zabaldu zuten Le Monde egunkariaren bitartez, gizarte zibileko ordezkari horiek antolatuko zuten 2017ko apirilaren 8ko armagabetze-egunean.[34][35] Egun horretatik aurrera, ETA armarik gabeko erakundea izango zen.[36] Armategietara heltzeko datuak The Guardian egunkarira bidali ziren egun horretan.[37]

"Bakegile" batzuk arma-kokaleku bat zaintzen, poliziaren esku geratuko zirela egiaztatzeko. (2017-04-08)

Egun horretan 172 izan ziren bakegintza-ekintzaile moduan aritu zirenak, lekuko gisa parte hartu zuten Frantziako poliziak 8 zulotatik armak jaso zituenean.[38] Izan ere ETAk Bakearen Artisauei armen kokalekua jakinarazi, hauek informazioa Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen esku utzi, Batzorde honek kokalekuen berri poliziari eman, eta polizia bertaratu bitartean, 172 begirale hauek arduratu ziren armen kokalekuak zaintzeaz eta poliziaren esku geratzen zirela egiaztatzeaz. Hortaz Berhokoitigoini eta Luhusoko beste atxilotuei bezala armen zaintza egitearen akusazioa jasateko arriskuan egon ziren. Polizia ordea pertsona hauek identifikatzera mugatu zen, eta hurrengo egunetan bederen ez zegoen prozesatuak izango zirelako inolako zantzurik. Lagun horien artean baziren hautetsi zein hautetsi ohiak, sindikalistak, politikariak eta bestelako pertsonak, hala Euskal Herri mailakoak nola Frantzia mailakoak ere.

Bitartean Baionan hainbat ekitaldi antolatu zituzten bake prozesua bultzatzeko.[39][32] Besteak beste, armagabetzerako Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere adierazpena aurkeztu zen.[40][41][42]

Omenaldia (2022-05-07)
  • 2022: Omenaldia egin zioten Euskal Herriko Laborantza Ganberako kideek , zendu zenaren lehen urtebetetean (Ainhize-Monjolose, 2022-05-07). Berhokoirigoin antzerkilaria ere izan zenez; eta, hain zuzen horregatik, haren bizitza obra baten pare ezarri zuten omenaldian: Txomin Hegi eta Marie-Agnes Gorostiaga taula zuzendariek aurkeztu zuten bi oreneko omenaldia.[12]
« - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?

- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker.

Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin...

»

Xipri Arbelbide[43]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Frantsestutako grafian Michel Berhocoirigoin.
  2. «Mixel Berhokoirigoin 'bakearen artisaua' hil da» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-05-08 (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  3. a b c d Apaolaza Avila, Urko. (2021-05-08). «Mixel Berhokoirigoin hil da, Nafarroa Behereko laborari, sindikalista eta militante ezaguna» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  4. BAIGURA KOMUNIKAZIOA Kazeta, IPARLA. (2021-05-06). «Mixel Berhokoirigoin laborari eta militantea zendu da» Kazeta.eus (IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA) (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  5. Ikus, adibidez, L'Express egunkariko artikulu hau.
  6. Konparazioa CAP Vivre Ensemble abertzaletasunaren kontrako elkartearen webgunean.
  7. Urain, Jon O.. «Kartzeletako korapiloaren unea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  8. «Presoen eskubideen aldeko aldarria Euskal Herri osoko herri eta hirietan zabaldu dute» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-01-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  9. Etxaldearen izena Berrian.
  10. Etxamendi, Eñaut. (2010-03-03). «Ene gogoan, ardurenean, sorlekuko eremuetan nabil» EKE (EKE) (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  11. Gastellu, Maddi. (2020). Herenegun #23: Etxamendi - Larralde | Nahieran ikusgai. Kanaldude (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  12. a b c d Teyseyre Koskarat, Oihana; Fauveau, Guillaume. (2022-05-07). «Bizia kolektiboari emana» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  13. a b c Kazeta. (2021-05-09). «Erreakzio soka eragin du Mixel Berhokoirigoinen heriotzak» Kazeta.eus (IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA) (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  14. Apaolaza Avila, Urko. (2021-05-08). «Mixel Berhokoirigoin hil da, Nafarroa Behereko laborari, sindikalista eta militante ezaguna» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  15. a b Ansa, Mikel P.. «Mixel Berhokoirigoin: «Onak izan behar dugu ez bakarrik diskurtsoetan»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  16. Iñaki semearen bidaia baten bloga.
  17. Uhartia Idokiren ekintzen egutegian.
  18. Kiwaia Uhartian blog honetan.
  19. Elkarrizketa[Betiko hautsitako esteka] Berrian.
  20. Hauteskundeak eta elkarrizketa Garan.
  21. Epaiketaren berri[Betiko hautsitako esteka] Kazeta.infon.
  22. Renteria, Aitor. «Mixel Berhokoirigoin: «Lurralde antolaketaren trena huts egiten badugu, historiatik at geldituko gara»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  23. Adibiderako, elkarrizketa hau[Betiko hautsitako esteka] Aldaketa 16 aldizkarian; 16. or.
  24. (Gaztelaniaz) «"El de ETA fue el único caso en el mundo en el que una organización armada estuvo dispuesta al desarme y el Estado se negó"» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  25. a b «Ibinagabeitia Proiektua / Maiatz 6. Garazi (1984-apirila)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  26. «Mixel Berhokoirigoin (1952-2021) :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  27. Kasurako Bilboko Kafe Antzokian emandakoa.
  28. EHLG. (2016/07/05). «BIDEOAK. Mixel Berhocoirigoin: " Burujabetza eraikitzen ari gara eguneroko bizitzatik",» EHLG (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  29. Berria.eus. (2017-03-24). «Bakearen artisauak: Frederique Espagnac, Mixel Berhokoirigoin eta Maite Irazoki | berria TB ataleko azken bideoak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  30. Berria.eus. (2018-12-20). «Jean Noel Etxeberri eta Mixel Berhokoirigoin Martin Ugalde Foroan | berria TB ataleko azken bideoak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  31. Berriatb. (2018-12-20). Luhusoko ekintzaileak elkarrekin, polizia operaziotik bi urtera. (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  32. a b (Frantsesez) «PRENTSA | Artisans de la Paix» Artisans de la Paix (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  33. «Bideoa: Irtenbidearen bila. ETAren amaiera | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).
  34. (Frantsesez) Pascual, Rémi Barroux et Julia. (2017-03-17). «Le désarmement de l’organisation ETA, un casse-tête pour l’Etat» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  35. «Apirilaren 8an ETAren armagabetze zibila iragarri dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  36. (Frantsesez) spécial), Michel Garicoïx (Bayonne, correspondant) et Rémi Barroux (Bayonne, envoyé. (2017-04-07). «A Bayonne, derniers préparatifs pour la restitution de l’arsenal d’ETA aux autorités françaises» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  37. (Ingelesez) Tremlett, Giles. (2017-04-08). «Exclusive: Eta documents reveal details of weapons dumps as group disarms» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  38. (Frantsesez) Barroux (Bayonne (Pyrénées-Atlantiques), envoyé spécial), Rémi. (2017-04-10). «Après le désarmement réussi de l’ETA, le défi de la paix» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  39. (Ingelesez) Powell, Jonathan. (2017-04-08). «Eta's weapons surrender brings to an end 50 years of killing» Financial Times (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  40. Berria. «Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-04-21).
  41. Berria.eus. «Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena (ingelesez)» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-04-21).
  42. Gaztelumendi, Unai; Gaztelumendi, Beñat. (2019). «ARIAN-ARIAN XEHATZEN DA BURDINA» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2022-02-20).
  43. Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]