Helmut Kohl
Helmut Kohl (Ludwigshafen, Bavaria, gaur egun Renania-Palatinatua, 1930eko apirilaren 3a - Ludwigshafen, 2017ko ekainaren 16a)[1] alemaniar politikaria izan zen. Batasun Demokrata Kristauko (CDU) kidea, 1982ko urriaren 1 eta 1998ko urriaren 27 artean Alemaniako kantzilerra izan zen, Mendebaldeko Alemaniakoa 1990eko urriaren 3ra arte eta Alemania batukoa ordutik aurrera.
Lehen urteak eta ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helmut Kohl 1930eko apirilaren 3an jaio zen, Ludwigshafengo erdiko klaseko familia katoliko eta kontserbadore batean. 15 urte zituela bukatu zen Bigarren Mundu Gerra, eta hirian Aliatuen bonbardaketak bizi izan zituen. Haren esanetan, "berandu" jaio izanak "salbatu" zuen nazismoarekin zerikusia izatetik.[2] Frankfurteko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi bazituen ere, 1951tik aurrera Heidelbergekoan Historia eta Politika-zientzia ikasi, eta 1953an graduatu zen. 1958an historiako doktoregoa lortu zuen.
Bizitza politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]17 urterekin egin zen Batasun Demokrata Kristauko (CDU) kide. 1969-1976 bitartean, Renania-Palatinatuko ministro-presidentea izan zen. Handik politika nazionalera igaro zen eta 1973an CDUko presidente aukeratu zuten. Kantzilergai izan zen 1976ko hauteskundeetan, baina SPDk irabazi zuen. Ondoren, Bundestagen, oposizioko buru izan zen Helmut Schmidt sozialdemokrataren gobernuaren aurka.[1] 1982ko urriaren 1ean, Alemaniako kantziler hautatua izan zen CDUren eta Alderdi Liberalaren (FDP) botuekin, Helmut Schmidt konfiantza mozioa galdu ondoren; ordura arte, liberalek Helmut Schmidten gobernua sostengatzen zuten.
Gerra Hotz betea zen, eta Ronald Reagan AEBetako presidentearen eta Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroaren Iraultza Kontserbadorearen aroa. Thatcherrekin ez zuen bereziki harreman ona izan, baina ongi moldatu zen Reaganekin, eta bat egin zuen haien babespean martxan paratu zen olatu neoliberalarekin. "Irmo sinesten dugu ekimen askea eta norbanakoaren lorpenak estatuaren kontrola baino hobeak direla guztiontzat" adierazi zuen. Bat egin zuen Reaganek Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aurka zuen ikuspegi gogorrarekin baina, aldi berean, ekialdeko Europako estatu komunistekin harremana izaten saiatu zen. Erich Honecker Ekialdeko Alemania sozialistako presidenteari harrera egin zion Bonnen, Mendebaldeko Alemaniako hiriburuan, 1987an.[2]
Haren politika ekonomikoek huts egin zuten, ordea. Langabezia anitz hazi zen Mendebaldeko Alemanian 1980ko hamarkadan, eta kantzilerraren ospea lurra jotzekotan zen. Baina, 1989ko azaroaren 9an, Ekialdeko Alemaniako milaka herritarrek Berlingo Harresia bota zuten eta, praktikan, Alemania kapitalistaren eta sozialistaren arteko muga hautsi zuten. "Batasunari, justiziari eta askatasunari buruz da hau. Bizi bedi Alemaniako aberri askea, bizi bedi Europa aske eta batua." adierazi zuen biharamunean Kohlek. Berlingo Harresia erori ondoren, Frantzia, Erresuma Batua eta, bereziki, SESB konbentzitzeko lan egin zuen Alemaniaren bateratzea onar zezaten. 1990ean, Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin zen, eta estatu sozialista ohiak bat egin zuen Mendebaldeko Alemaniarekin. Alemania batuak hauteskundeak egin zituen 1932tik lehenbiziko aldiz, eta Kohl hautatu zuten kantziler.[2]
1994ko urriko hauteskundeetan CDUk eserleku galera izan bazuen ere, berriz aukeratu zuten kantziler Alderdi Liberalaren laguntzarekin.[3] Alemania bateratu eta lidergoa sendotu ondoren, bertze helburu handian finkatu zuen arreta: Europa batzeko proiektuan.[2]
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998an hauteskundeak galdu zituen, eta CDU alderdiaren buruzagitza utzi zuen ustelkeria auzi baten ondorioz. 2000. urtean, alderdiko ohorezko buruzagitzatik ere kendu zuten. Alemaniaren bateratzailearen mitoak modu ilunean utzi zuen politika. 2008an istripu bat izan zuen eta, ordutik, etxean eman zuen denbora gehiena, arreta mediatikotik urruti.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Helmut Kohl Alemaniako kantziler ohia hil da. Berria, 2017ko ekainak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-26).
- ↑ a b c d e Rodriguez, Mikel. Alemania bateratu zuen kantzilerra. Berria, 2017ko ekainak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-26).
- ↑ Alemaniako parlamentuak bosgarrenez hautatu du Helmut Kohl lehen ministro. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko azaroak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-26).