Edukira joan

Clonmacnoise

Koordenatuak: 53°19′26″N 7°59′28″W / 53.323888888889°N 7.9911111111111°W / 53.323888888889; -7.9911111111111
Wikipedia, Entziklopedia askea
Clonmacnoise
Kokapena
Estatu burujabe Irlandako Errepublika
Province of Ireland Leinster
Irlandaren banaketa administratiboa Offalyko konderria
Ur-masaShannon ibaia
Koordenatuak53°19′26″N 7°59′28″W / 53.323888888889°N 7.9911111111111°W / 53.323888888889; -7.9911111111111
Map
Historia eta erabilera
IrekieraVI. mendea

Clonmacnoise Irlandako Offaly konderrian eta Shannon ibaiaren ertzean kokatzen den abadetxe eta multzo monastikoa da. Bere irlanderazko izena Cluain Mhic Nóis ("Nósen Semeen Larrea") da. Bertatik hurbilen dagoen hiri garrantzitsuena iparralderuntz 14 kilometrotara dagoen Athlone da. Leku hau antzinako erresuma edo hiru probintziak diren Connacht, Munster eta Leinsterren mugalekua da, eta Eiscir Riada delakoan dago, Irlandako erdialdeko aintzirak igarotzen dituen esker bat da (glaziar jatorrizko estratifikatutako hondar eta legarrezko muinoen sistemak dira).

Clonmacnoise abadetxea 545an San Ciaranek sortua da. Santuak ikuskaria izan eta urteetan zehar abadetxea kokatuko zen kokaleku egokia bilatzen jardun zuen. Azkenik beste zortzi adiskideekin batera leku egokia eta Diarmait (edo Diarmuid) Mac Cerbaill aurkitu zituen, azken honek eraikina eraikitzen lagundu ziolarik, egurrezko eliza txiki bat. 565an Diarmait lehenbiziko Irlandako Errege Nagusi kristaua bilakatu zen, eta Tarako muinoan ospatzen zen koroaketaren erritual pagano edo jentila burutu zuen azken erregea ere bai. Sukar horiaren ondorioz eta bere eginbeharra beterik ikusi ondoren San Ciaran urte baten buruan hil zen.

Clonmacnoiseko eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Clonmacnoiseko dorre zirkularra.

Finghín tenplua 17 metroko garaierako irlandar dorre zirkularra duen XII. mendeko eliza erromanikoa da, Chronicum Scotorum idazkiaren arabera (lehenbiziko garaietatik 1135. urterarteko Irlandako gertakizunak aipatzen dituen agiria), 1124ean Connachteko errege zen Turlough O'Connor eta Clonmacnoiseko abadea zen Gilla Christ Ua Maoileoin delakoek amaitu omen zuten. 1135an tximista batek dorrearen gainekaldea lurreratu zuen, beranduago berreraikia izan zelarik. Uste denez, ekaitzak botatako harlandua beranduago Finghín tenplua eraikitzeko erabili omen zen.

Connor tenplua XI. mende ingurukoa da eta XIII. menderarte Irlandako Elizak erabili zuen. Gaur egun eliza protestantea da eta bertara jendea sartzea debekatuta dago. Multzo honetako beste elizak Kelly tenplua, Melaghlin tenplua (1200. urtea), Dowling tenplua (XI. mendea), Hurpan tenplua (berriena, XVII. mendea) eta Ciarán tenplua dira. Azken hau Clonmacnoise eliza txikiena da (2,8 x 3, 8 m-ko neurriak besterik ez ditu) eta usadioaren arabera honetan San Ciaranen hilobia legoke.

Clonmacnoiseko katedrala.

Aldiz, Clonmacnoiseko katedrala deiturikoa bertako elizarik handiena da. 909an Irlandako Erregea zen Flann Sianna eta Colman abadeak eraiki zuten. Mendebaldeko sarrera 1180an gehitutakoa da, baita iparraldekoa ere, XV. mendekoa delarik eta gotiko estilokoa. 1198an Irlandako Errege Nagusi edo Handienetan azkena izan zen Rory O'Connor (Ruaidrí Ua Conchobair) aldaretik hurbil lurperatua izan zen.

Clonmacnoisen bi gurutze zeltiar daude, Hegoaldeko gurutzea (apaindurazkoa) eta Idazkien gurutzea direlakoak. Idazkien gurutzeak 4 metroko garaiera du eta 900. urtean hareharrizko bloke oso bat landu ostean egin zen. Irlandako landutako zeltiar gurutze ederrenetakoa da eta bertan dituen idazkiek interes berezi bat pizten dute, gurutzearen (eta katedralaren) egileak ziren Flann eta Colmanen aldeko eskari edo otoitzak ditu. Gurutzearen gainazala paneletan banaturik dago, Jesusen gurutziltzatzea, Azken Judizioa edo Epaiketa, eta Kristoren Hilobiko eszenak erakusten dituelarik.

Maitagarriaren harria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Idazkien gurutzea.

Clonmacnoisetik hurbil kareharrizko haitz ugari daude, hauetako batek Maitagarriaren harria edo Zaldunaren harria izena hartzen duelarik. Bere gainazalak gai askori buruzko grabatuak ditu: zulo ahurrak, gurutzeak, ahiztoak eta baita giza oin pare bat ere. petrosomatoglifo baten adibidea da (haitzean landutako giza edo abere gorputz baten irudia), aro megalitikotik erdi arorako garai osoan oso arrunta zen jatorri zeltiarreko elementua izan zen. Uste denez, landutako oinek bertako zeltiar buruzagien izendapenekin zerikusia izango lukete. Dál Riata erresumako errege gaelikoen koroaketa lekua zen Eskoziako Dunadd gotolekuko haztarnategian itxura berdineko oin landu bat ere topa daiteke.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]